Txinako tiralariek Abadiñon entrenatuko dute aste bitan

Anboto 2013ko ira. 18a, 08:30

Txinako sokatira taldea astelehenean etorriko da

Txinako sokatira taldea astelehenean etorriko da.

 

Adituen esanetan, Txina munduko jarduera ekonomikoaren motor nagusi bilakatzeko bidean dago. Gainera, gero eta nabariagoa den hegemoniarako bide hori gainerako esparruetara ere zabaltzeko asmoa dute, kirolera, esaterako. Azken urteetan sokatira gero eta txertatuago dago Txinan, eta Europako taldeek argi ikusi ahal izan dute hori munduko txapelketetan elkarren kontra lehiatu direnean. Kantitatea badute, asko dira, eta kalitatean ere gorakada eman dute. Baina ez dute erdibidean geratzeko asmorik. Horrela, Abadiñoko sokatira taldeagaz hartuemanetan ipini dira, eta datozen aste bietan (irailaren 23tik urriaren 6ra) Durangaldean izango dira Txinako selekzioko tiralariak eta entrenatzailea, Abadiñokoekin batera entrenatzeko.

 

Iaz Goierrin (Nafarroa) izan ziren bertako taldegaz lur gaineko entrenamenduak egiteko. Orduan, egun bateko bisita egin zuten Abadiñora tiralari bik eta entrenatzaileak. Orain, iaz irekitako bideari jarraipena emango diote. Durangoko Ibaizabal ikastolan hartuko dute ostatu, eta egunero entrenatuko dute Abadiñoko probalekuan: “Oraindik metodologia prestatzen gabiltza. Ez datozela turismoa egitera esan digute, eta egunero entrenatzeko asmoa dute. Seguruenik goizetan euren kabuz arituko dira, eta arratsaldetan gurekin”, adierazi du Edu Mendizabal Abadiño sokatira taldeko entrenatzaileak. Txina maila ona duen selekzioa dela dio: “Eskoziako Munduko Txapelketan finalerdietan euren kontra lehiatu ginen 560 kilora arteko proban, eta nazio mailako txapelketa irabazteko zorian ere izan ziren”.

 

Euskal olinpiadak

Bestalde, azaroan hasiko duten denboraldia prestatzen dabil apurka-apurka Abadiño sokatira taldea. Joan zen asteburuan zazpi herrialdeen arteko txapelketan parte hartu zuten Baigorrin (Nafarroa Beherea). Txapelketa horretan probintzia bakoitzeko onenak hainbat modalitatetan lehiatu ziren (txorokil batzea, trontza, txingak…) eta modalitateetako bat sokatira izan zen. Abadiñok tiraldi denak irabazi zituen, baina ez zen nahikoa izan Bizkaiari azken garaipena emateko. Modalitate denetan batutako puntuekin laugarren geratu zen Bizkaia.

 

Joan zen astera arte, zazpi herrialdeen arteko txapelketan parte hartu duen zortzikotea bakarrik ibili da entrenatzen Abadiñoko probalekuan, baina aste honetan talde osoak ekin die entrenamenduei. Iazko ia tiralari denek jarraitzen dute taldean. Azaroan Goma Gaineko Lauko Euskadiko Txapelketa hasiko dute, eta aurtengo hitzordu nagusia 2014ko otsailean Irlandan jokatuko den munduko txapelketa izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!