Illart Zuazubizkar (1990, Abadiño) jazarpen proban lortutako zilarrezko dominagaz bueltatu da Tafallan (Nafarroa) jokatu den pistako Espainiako txapelketatik. Bestalde, Eustrak-Euskadi taldeak bederatzi domina irabazi ditu, horietatik bost urrezkoak.
Jazarpen proban Sebastian Mora valentziarrak jantzi zuen urrea. Sailkapen fasean zein finalean bera izan zen onena: 4.32.523 Morak eta 4.38.313 Zuazubizkarrek. Iaz, 23 urtez azpiko mailan aritu zen arren, brontzezko domina lortu zuen modalitate honetan (urrea 23 urtez azpikoan). Taldekako proban brontzezko beste domina bat ere irabazi zuen. Abadiñarrak kontinental mailako Euskadi taldeagaz lehiatu du Tafallan. Izan ere, aurten Euskadiko selekzioak ez du parte hartu txapelketan eta euskal txirrindulariek nork bere taldearekin lehiatu behar izan dute.
Eustrak-Euskadik ere UCI mailako lizentzia duelako parte hartu ahal izan du Espainiako txapelketan. Hiru txirrindulari bakarrik eraman ditu (gainerakoek sei-zazpi eraman dituztenean), baina denak goi mailan aritu dira eta bederatzi domina irabazi dituzte. Ana Usabiagak urrea lortu du scratch, puntuazio eta taldekako abiadura probetan eta brontzea jazarpenean. Tania Calvoren urrezko domina bat Usabiagagaz lortutakoa izan da, taldekako abiadura proban. Horrez gainera, 500 metroko proban ere bera izan da onena; abiadura proban eta keirin-ean, aldiz, zilarra irabazi du (urrea 23 urtez azpikoan). Azkenik, Hodei Mazkiaranek urrezko domina jantzi du kilometro bateko proban eta brontzea keirin-ean.
Ana Usabiagak beste marka harrigarri bat ere lortu du. 23 urtegaz bera da Espainiako txapelketetan urrerik gehien lortu duen txirrindularia, 32 dominagaz. Izan ere, kadeteetan eta, batez ere, gazte mailan jaun eta jabe izan da Usabiaga. Usabiagak Jose Antonio Escuredoren (1970 Girona, Katalunia) marka apurtu du. Escuredok urrezko 31 domina ditu.
Illart Zuazubizkar zilarrezko dominagaz (Argazkia: Maialen Zuazubizkar)