Europako F3 Txapelketa Belgikako Spa zirkuituan izan da asteburuan. Igor Urien ez da nabarmendu, hein handian sailkapen saioetan atzean amaitu duelako. Zapatuan seigarren amaitu zuen. Domekan ez zuen lasterketa bukatu.
Barikuko entrenamendu libreetan motorra apurtu zuen. Zapatuko sailkapen saioan, aldiz, bandera gorri batek lehenengo postuetatik urrundu zuen abadiñarra. Lasterketa atzean hasi eta arriskatu beharrean aurkitu zen. Lehenengo bihurguneetan monoplaza bat aurreratu nahian zebilela aurkari batek jo eta atzeko aleroia hautsi zitzaion. Ezbehar horrek monoplazaren aerodinamikan zuzenean eragiten zuen arren, lasterketan jarraitu eta pare bat monoplaza aurreratzea lortu zuen. Azkenean, bere mailan (F308 Kopa) seigarren helmugaratu zen.
Domekako sailkapen saioan enbrageagaz arazoak izan zituen eta azkenengo postutik ekin behar izan zion lasterketari. Domekako abenturak itzuli bat iraun zion. Aurretik zihoazenen artean istripu bat gertatu zen; arduradunek bandera horia atera zuten eta bat-batean balaztatu beharrak istripuak eragin zituen. Atzeko monoplazek aurrekoak jo zituzten kate-erreakzio batean. Urienek ezin izan zuen ukitua eragotzi eta lasterketatik kanpora geratu zen: “Asteburu gogorra izan da hainbat zirkunstantziarengatik: arazo mekanikoak eta istripua, esaterako. Orain gehien arduratzen nauena autoa berregitea da eta hurrengo lasterketan irten eta ahalik emaitzarik onena egitea”, adierazi du Igor Urienek.
Hurrengo hitzordua urriaren 5ean eta 6an izango du Italiako Monza zirkuituan. Europako F3 Txapelketako azken aurreko lasterketa izango da. Ondoren, Bartzelonako lasterketa bakarrik geratuko da.