Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa irabazi du 88 kilometro gorabeheratsuak 13.15.40an osatuta. Betidanik izan da mendizalea, baina mendi lasterketetan orain urte bi murgildu zen, 35 urte zituela. Aurten Apuko Igoera (Enkarterrietan), Eskoriatzako Gabez Takarraran eta Goierriko Bi Handiak irabazi ditu; azkena, joan zen asteburuan.
Zelan joan zen lasterketa?
Bero itzela egin zuen. Normalean, gaueko 23:00etan hasten da, baina Txindoki inguruan ekaitz arriskua zegoenez, ordubete inguru atzeratu zuten hasiera. Niri gauez aritzea gustatzen zait, eta egiten zuen beroarekin are gehiago. Lasterketa arina izan zen; ni ez nintzen konturatu amaitu eta denborak ikusi arte, baina azkarra izan zen. Gustura aritu nintzen. Hasieratik lehenengo joan nintzen, eta ez nekien ondo aurkariak non zetozen. Etxegaraten, bigarrenarekiko ordu erdiko aldea neramala esan zidan senarrak. Handik aurrera, indarrak apur bat dosifikatzen joan nintzen, baina ez dago erabat erlaxatzerik, sekula ez baita jakiten indarrek noiz huts egin dezaketen.
Aurten iaz baino ordu erdi gutxiago behar izan duzu. Espero zenuen?
Iazko denbora hobetzea espero nuen, eta alde horretatik pozik nago. Hamahiru ordutik jaitsi ez izanaren zera hori geratu zait, baina tira. Une batez erritmoa jaitsi nuen, eta eutsi izan banio, beharbada lortuko nuen.
Datorren urterako baduzu beste erronka bat.
Datorren urtean beharbada Ehun Milak lasterketarako saltoa egingo dut; taldeka parte hartzeko modua badut behintzat. Aurten Ehun Milak taldeka lehiatzeko asmoa nuen, baina nire lagunek beste konpromiso batzuk zituzten, eta ezin izan dugu.
Goierriko Bi Handiak bigarren urtez jarraian irabazi duzu.
Nire lehenengo garaipena bertan lortu nuen iaz. Ez nuen espero, eta gomuta onak ditut. Aurten banekien aukerak nituela, baina faboritoen artean egoteak ez du ezertarako balio; gero erakutsi egin behar da.
Zein izango da zure hurrengo hitzordua?
Abuztuaren 30ean Mont Blanceko Ultratraila egingo dut. Gogo handiagaz nago. Denboraldiko nire helburu nagusia lasterketa horixe da.
Zelan daroazu prestaketa?
Oraintxe bertan jaso dut hilerako entrenamendu saioen eskema. Prestatzaile bat dut, Kepa Larrea. Kasualitatez hasi nintzen beragaz, bigarren urtea dut aurten, eta oso ondo konpontzen gara. Arrakastaren sekretu nagusia konstantzia da; entrenatzea eta entrenatzea.
Mendia beti gustatu zaizu, baina zelan hasi zinen mendi lasterketetan?
Sasoian mantentzeko entrenatzen nintzen. Behin, Jabi Cabrera koinatuak Aiako Harrietan egiten zuten lasterketa berri batera zihoala esan eta beragaz joan nintzen. Zenbat sufritu nuen! Baina oso ondo pasatu nuen. Ordutik aurrera, fundamentu gehiagogaz entrenatzen hasi nintzen.
35 urte zenituen. Zer bilatu eta aurkitu zenuen mundu berri horretan?
Engantxatu egiten du, eta giro sanoa aurkitu dut. 2011. urte amaieran emaitzei dagokionez asko hobetu nuen. Hasieran, onenek denbora handia ateratzen zidaten, baina apurka alde horiek jaisten joan nintzen. Horrek gehiagora joateko motibatzen ninduen. Ondoren, distantzia luzeekin hasi nintzen, eta egia esan, laburretan baino erosoago sentitzen naiz.
Orain 37 urte dituzu, eta lasterketak irabazten zabiltza.
Egia da aurten emaitza onak izaten ari naizela. Helburuak markatu eta betetzen saiatzea gustatzen zait. Nire kasuan, horrela funtzionatu behar dut, osterntzean erlaxatzeko joera dut. Dena dela, ez obsesionatzen saiatzen naiz; ez naiz derrigor irabaztera irteten, lasterketa amaitzera eta helburuak betetzera baizik.
Inoiz pentsatu duzu 20 urtegaz hasi bazina noraino heldu zintezkeen?
Mundu guztiak gauza berdina esaten dit! (barreak). Nik ere pentsatu izan dut, baina horrela etorri da eta… Dena dela, distantzia luzean, goian dabiltzanetatik asko beteranoak dira.
Abadiñon ez zaizu mendirik falta.
Ez naiz den-denetara igo, baina asko ibili naiz. Anbotora zenbat bider igoko ote nintzen! Aurten, denboraldi batzuetan, astean behin bai.