Urienek asteburu tristea izan du Silverstonen

Anboto 2013ko uzt. 15a, 12:30

Zapatuan Richard Gonda liderra aurreratzen zebilela, monoplaza biek elkar ukitu eta Urienek lasterketa utzi behar izan zuen. Hainbat pieza aldatu ondoren, domekan monoplaza ez zen lehiakorra izan

Zapatuan Richard Gonda liderra aurreratzen zebilela, monoplaza biek elkar ukitu eta Urienek lasterketa utzi behar izan zuen. Hainbat pieza aldatu ondoren, domekan monoplaza ez zen lehiakorra izan.

 

Igor Urienek Europako F3 Txapelketako bosgarren lasterketa (guztira zortzi dira) lehiatu zuen asteburuan Ingalaterrako Silverstone zirkuituan. Zapatua sentsazio onekin hasi zuen. Aurreko lasterketetan ez bezala, sailkapen saio ona burutu zuten Urienek eta bere taldeak (Emilio de Villota taldea). ‘Set-up’ egokiagaz Urien laugarren geratu zen. Ondorioz, ondorengo lasterketan hasiera-hasieratik onekin borrokatzeko modua izan zuen. Hirugarren zihoala Richar Gonda sailkapeneko liderra (F308 Kopan) aurreratzen hasi eta auto biek elkar ukitu zuten. Gondak jarraitzeko modua izan zuen, baina Urienek ez.

 

Domekako sailkapen saioa eskasa izan zen eta oso atzetik ekin behar izan zion lasterketari. Horregatik eta monoplazan egin beharreko aldaketek monoplazaren errendimendua gutxitu zutelako, zortzigarren tokiagaz konformatu behar izan zuen.

 

Asteburutik atera daitekeen alderik positiboena da zapatuko sailkapen saioa denboraldiko onena izan zela eta Gondarekin izandako ukitura arte Urien-monoplaza binomioak erritmo azkarra eta konstantea mantendu zuela. Urienek ere ondorio berdinak atera ditu: “Asteburu gogorra izan da, argi dago, baina lehen lasterketan garapen positiboa izan dugula uste dut eta sailkapen saioan oso goian amaitu dugu. Lehen lasterketako kolpeak asteburu osoa baldintzatu du eta bigarrenean  lan hobea egitea eragotzi dit. Argi dago hobeto amaitzea gustatuko zitzaidana, baina gogor lan egiten jarraitu beharko dut berriro podiumera igotzeko”.

 

Txapelketa amaitzeko hiru hitzordua falta dira. Udako geldialdiaren ondoren izango da hurrengoa; irailaren 7an eta 8an Belgikako Spa zirkuituan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!