"Askotan bisitak luzatu egiten dira, berriketaldiengatik"

Anboto 2013ko uzt. 10a, 13:28
Mendiolako Abaunza baserrian Alluitz Natura egitasmoa ipini zuten martxan duela urtebete inguru. Bertan, artzaintzari buruz ikasi, eta beste hainbat tailer egiten dituzte, xaboi naturala edota artilezko eskulanak egiten ikastekoak, adibidez. Saltsa horietan dabil Patxi Solana

Mendiolako Abaunza baserrian Alluitz Natura egitasmoa ipini zuten martxan duela urtebete inguru. Bertan, artzaintzari buruz ikasi, eta beste hainbat tailer egiten dituzte, xaboi naturala edota artilezko eskulanak egiten ikastekoak, adibidez. Saltsa horietan dabil Patxi Solana.

 

Duela hamabi urte heldu zinen Mendiolara...

 

Bai, gu Bilbon bizi ginen, eta taberna bat izan genuen bertan, hogeita bi urtean. Kasualitatez heldu ginen hona. Mendizaleak gara, eta inguru honek, mendi hauek, sorginduta gintuzten. Behin lursailtxo bat hartzeko aukera eskaini ziguten. Hona bizi izatera etorri ginenean, ez genuen ardiekin ibiltzeko asmorik. Tabernagaz jarraitu genuen, eta geroago etorri zen ardien kontua, ia pentsatu barik.

 

Astiro-astiro orduan.

Bai. Esperimentatzeko negutegi bat ipini genuen, produkzio ekologikoagaz. Haizeak birritan apurtu zigun negutegia, eta hori ez zela bide ona ikusi genuen. Gero, hamahiru ardi erosi genituen, belarra jan zezaten. Maria bainuan gaztaitxo batzuk egin genituen, probatzeko; ez ziren txarto irten, eta apurka-apurka, azkenean gaztaitegia ipini genuen. Taberna utzi eta ardi gehiago hartu genituen, korta ipini, Idiazabal markan ere sartu ginen...

 

Ia konturatu barik, artzain!

Bai, momentu honetan gaztaiak dira gure diru sarrera nagusia. Emazteak eta biok lana banatzen dugu, bera gaztaitegian, eta ni kortan.

 

Bilbotik Mendiolara aldaketa handia izan da, ezta?\"\"

Itzela. Baina horrela etorri ziren gauzak! Ez genuen aurretiaz pentsatu. Gauza batek bestea ekarri zuen, eta gaur arte! Bilboko jendeak, batez ere, esaten du hau bizi kalitatea dela, eta “Izan zaitez artzain egun batez” programara etortzen direnei, saiatzen naiz esaten hemen eguneroko lana oso gogorra dela. Askotan seietan itzartzen zara, eta iluntzean amaitzen duzu. Oporrak gaitz, oso lan lotua da. Gaztaigintza, gaur egungo egoera ekonomikoagaz, oso txarto dago. Duela bospasei urte pentsu kiloak 19 zentimo balio zuen, eta gaur 32-33 balio du. Gazta kiloa 18 euroan zegoen eta batzuk prezioa bajatu beharrean egoten dira, gaztaiak ezin aterata.

 

Alluitz Natura proiektuaren ideia zelan jaio zen?

Arrazoi askogatik pentsatu genuen zer edo zer egitea. Arrazoi ekonomikoa ere hor dago, baina baita gure izateko moduagatik ere, eta ostalaritzan ibilitakoak izanda... Artzain bizimodua oso bakartia da, eta horregatik ere pentsatu genuen zer edo zer antolatzea. Gaztaiagaz lotuta, txabolatxo batean erakustaldiak egin genitzakeela ikusi genuen, eta apurka-apurka...

 

Artzain bizimodua ezagutzeko bisitak izaten dituzue.

Gatzatuak egiten ditugu, gaztaia zelan egiten den berbaz azaltzen dugu, lehen zelan egiten zen eta orain, kortara joan eta ardiak jezteko gelan jendeak eskuz jezten ditu... Gaztaiak probatu eta gero, ibilalditxo bat egiten dugu basotik Axpeko bailara ikusi arte-edo, eta Sagastatik jaisten gara.

 

Zer gustatzen zaie gehien bisitariei?

Nik uste dut jendea, orokorrean, oso pozik joaten dela. Bertatik bertara ikusten dituzte gauzak, eta umeren batek esan izan du ardiak jezterakoan, “txiza egiten dabil!”. Helduekin berba asko egiten dut. Horrelako turismoa gustatzen zaion jendea da, eta gauza asko kontatzen dituzte eurek ere. Ekintzak hiru ordu irauten duela jartzen dugu webgunean, baina askotan, luzatu egiten da berriketan.

 

Eurek gustura, eta zu ere bai.

Aurrekoan, adibidez, Portugaleteko familia bat etorri zen. Goizean tailerrak eta ibilbidea egin genituen, eta gero hemen, kanpoko mahaietan geratu ziren bazkaltzen. Bazkalostean berbetan hasi ginen, eta artileagaz eskulanak egiten zituztela berbetan, azkenean tailer batzuk egin genituen Sagastako ume batzugaz. Artilezko tailer bat inprobisatu genuen. Handik astebetera, Bilboko azoka batera joan ginen, eta han non agertu ziren kaxa batekin, eta bertan, eurek egindako lanak eta eskulanak egiteko tresnak.

 

Ahari berezi bat daukazu, Alluitz izenekoa.

 

Bai, bera da artaldeko inteligenteena. Txikitan biberoiagaz hazi nuen eta gero, beti etortzen da niregana. Bisitak daudenean ere, beste ardiak ospa egiten dute, eta hau hurreratu egiten da. Umeak, pozaz zoratzen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!