Sorian zazpi urte eman ondoren, abentura berri bati ekin dio Egoitz Jaiok Austrian. Aukera horri ezin ziola alde egiten utzi adierazi du: "Ezetz esanez gero, hiru-lau urtean buruari bueltak ematen ibiliko nintzen: ‘onartu izan banu, onartu izan banu’...".
Zelan sortu zitzaizun Austrian jokatzeko aukera?
Zazpi urtean egon naiz Soriako Numantzia taldean. Klubagaz batu eta bion artean erabaki genuen nik ez jarraitzea. Nire asmoa zen etxera hurreratzea, etxeko talde batean jokatzeko aukerarik sortzen bazen, aukera hori aztertzea. Ideia hori nuen, baina beti izan dut buruan nazioartean jokatzea. Dena gertatu zen apur bat kasualitatez. Austriako talde horretan Iñaki Bea amurrioarrak jokatu zuen orain urte bi; hemen inguruan (Austrian) bizi da, eta erdi ordezkari lanetan dabil. Orain aste bi deitu eta taldera batzea gustatuko ote zitzaidan galdetu zidan. Bera oso gustura egon zela esan zidan, bai taldean, baita herrian ere. Esan zidan ez nuela diru askorik irabaziko, baina neuk ere banekien etxean zein kanpoan egonda, ez nuela diru askorik irabaziko. Egia esanda, ez nuen uste 32 urtegaz horrelako aukera bat irtengo zitzaidanik. Baina pentsatu nuen ez dudala galtzeko ezer, ze futbolean ez zait urte askorik geratzen. Hartara, aproba egitea erabaki nuen. Martitzen batean proposatu, bariku hartan baiezkoa eman eta hurrengo astelehenean hartu nuen hegazkina. Kontuan hartu behar da hemen hamabost egun barru hasten dela liga, eta taldea osatzeko presa zutela.
Beraz, esperientzia berri bat bizitzea da helburua?
Alderdi ekonomiko hutsagatik bakarrik mugitu izan banintz, ez nintzen Austriara etorriko. Kasualitatez sortu zait aukera, 32 urtegaz. Berandu da, badakit, normalean 28 bat urtegaz joatea komeni da. Baina aukera heldu den moduan heldu da, eta aprobetxatzea erabaki dut.
Zenbat urterako kontratua sinatu duzu?
Momentuz, urtebeterakoa. Urtebeteko abentura da printzipioz. Denboraldi amaieran balorazio bat egin eta orduan erabakiko dut zer komeni zaidan: hemen jarraitzea edo bueltatzea.
Beste talderen baten eskaintzarik izan duzu?
Zer edo zer komentatu zidaten etxe inguruko talde batean, baina hurrengo egunean hona etortzeko aukera sortu zitzaidan eta talde horri deitu eta Austriako proposamena onartuko nuela esan nien, bestela damutu egingo nintzela-eta. Ezetz esanez gero, hiru-lau urtean buruari bueltak ematen ibiliko nintzen: “onartu izan banu, onartu izan banu…” .
Zer moduz doa hor daroazun lehenengo astea?
Klubeko jendearekin zein taldekideekin nahiko ondo konpontzen naiz. Pozik nago. Okerrena hizkuntza da. Denek egiten dute berba alemanez. Baina ingelesez moldatzen gara. Aleman apur bat ikasten badut, hori gehiago.
Zer eskatzen diozu denboraldia berriari?
Azken batean lan bat da, eta dena ondo irtetea gustatuko litzaidake: Ahalik eta ondoen jokatzea eta taldeari laguntzea. Gainera, lau urteko alaba eta emaztea hemen ondo egotea ere gurako nuke. Futbolean neurea emateko aukerarik badut, eta emaztea eta alaba gustura badaude, horregaz pozik egongo naiz.
Zer dakizu zure talde berriari buruz?
Austriako lehen mailako taldea da. Hemengo liga hamar taldek osatzen dute, eta iaz azken jardunaldian lortu zuten mailari eustea. Suposatzen dut aurten mailari eustea izango dela helburua. Espainiako ligarekin alderatuta, bigarren maila bat-edo izango litzateke. Ez da erraza neurtzea, astebete bakarrik daroadalako.
Numantzia taldean zazpi urte eman dituzu. Tartean igoera bat 2008/09 denboraldian.
Erdi ahaztuta ere badut. Bizitzan bertan gertatzen den lez, futbolean ere egunean egunekoa bihurtzen da erdigune; baina, bai, gomuta onak ditut. Denboraldi hartan ez nuen askorik jokatu, baina urte berezia izan zen. Egia esanda, Sorian eman ditudan zazpi urteak oso onak izan dira. Lehen mailan ezin izan dugunok biderik egin, bigarren eta bigarren B mailako nomadak izaten gara sarritan. Nik zortea izan dut. Sorian zelanbaiteko egonkortasuna izan dut. Gainera, futbolean jokatzea gustatzen zait, baina ez naiz futbolzale amorratua. Futboletik kanporako lagunak ere egin ditugu, eta pozik egon gara.
Tarragonagaz ere lehen mailara igo zinen.
Bai. Urtebete bakarrik egin nuen han, baina futbol ikuspegitik, oso ona izan zen partidurik gehienak jokatu nituelako.