Partida azkarren euskal zirkuituko zazpigarren jardunaldiak 15 xake talde batuko ditu gaur, 17:00etan, Abadiño xake taldeak Traña-Matienan duen lokalean.
Orain arte, Abadiñok Debako eta Durangoko jardunaldiak irabazi ditu,eta sailkapeneko lider dago, 34 puntugaz. Kantabriako Solvay eta Castro Urdiales taldeei 10 eta 12 puntuko aldea ateratzen die, hurrenez hurren. Beraz, iaz irabazitako txapelketa berritzeko aukerak dituzte. Zirkuitu honetan Euskal Herriko, Errioxako, Kantabriako eta Asturiasko taldeek parte hartzen dute. Guztira, 25 jardunaldi jokatuko dituzte abendura bitartean: horietako bat Elorrion, uztailaren 6an.