Durangalde Racing Elkarteko Victor Calvok lidertza defendatuko du Astolako zirkuituan.
Abadiño Rally Elkarteak eta Durangalde Racing Elkarteak elkarlanean egindako lanari esker, Euskadiko Slalom Txapelketako hirugarren proba Abadiñon lehiatuko da gaur, 15:30etik aurrera. Durangaldean mota honetako probarik ez zegoelako hartu dute lan hori elkarte biek. Abadiñoko Astola auzoan, Alco enpresaren parean, antolatuko dute zirkuitua. Slalom probetan ohikoa den moduan, parte-hartzaileek errepidean topatzen dituzten oztopoak saihestu beharko dituzte. Euskadiko Slalom Txapelketarako puntuagarria da gaurko proba, eta guztira, 25 bat gidarik parte hartuko dutela adierazi dute antolatzaileek.
Dimako eta Ortuellako proben ostean, Victor Calvo gasteiztarra da sailkapeneko liderra. Calvo Durangalde Racing Elkarteagaz lehiatzen da, eta bera da gaurko saioa irabazteko faborito nagusia. Abadiñoko probaren ostean, Areta, Zestoa, Lemoa, Ugarana eta Zorrozakoak faltako dira Euskadiko Slalom Txapelketa amaitzeko.