Sailkapen saio eskasak lasterketa itzelekin konpondu ditu Urienek

Anboto 2013ko eka. 3a, 10:00

Alemaniako Nurburgring zirkuituan jokatu den Europako F3 Openeko lasterkertan bosgarren eta laugarren amaitu du Urienek

Alemaniako Nurburgring zirkuituan jokatu den Europako F3 Openeko lasterkertan bosgarren eta laugarren amaitu du Urienek.

 

Txapelketako hirugarren lasterketa emankorra izan da Urienentzat, baina emankorragoa izan zitekeen sailkapen saioak hobeto joan izan balira. Orain arte, aurtengo ahulgune nagusia sailkapen saioak dira eta hurrengo lasterketetarako bai ala bai hobetu beharreko alderdi bat, lasterketak irabazteko edo, gutxienez, podiumera igotzeko aukerarik izan nahi bada. Lasterketei dagokionez ez dago ezer esaterik; Urienek beste behin gidatzeko dohai harrigarriak dituela erakutsi zuen.

 

Aurreko lasterketetan gertatu moduan, zapatuko sailkapen saioan bandera gorri bat baino gehiago astindu behar izan zuten antolatzaileek. Nahasmen horren erdian, Urien zazpigarren sailkatu zen. Ondorengo lasterketan postu bi hobetu eta bosgarren amaitu zuen.

 

Domekako sailkapen saioan pistatik irteera bat izan eta garabi bat erabili zuten monoplaza berriro pistara eramateko. Ondorioz, bandera beltza erakutsi zioten eta ordura arteko bere denborak bertan behera utzi zituzten. Horiek horrela, azken aurreko ekin zion lasterketari. Galtzeko ezer gutxi zuela, Urienek erakustaldia eman zuen arerioak bata bestaren atzetik aurreratuz. Azkenean podiumaren atarian geratu zen, laugarren postuan.

 

Sailkapen saioak zelan joan diren ikusita, asteburu ona izan da Urienentzat eta txapelketari begira puntu baliotsuak salbatu ditu. Kontuan hartu behar da Nurburgring zirkuitu berria zela beretzako, horrek beragaz dakartzan zailtasun denekin: “Asteburu positiboa izan da. Ezagutzen ez nuen zirkuitu batean bosgarren eta laugarren amaitzea pozik egotekoa da. F308ra gero eta egokituago nago eta denborak irteten ari dira. Alemaniatik moral askogaz noa”.

 

Hurrengo hitzordua Xerezko zirkuituan izango da ekainaren 15ean eta 16an. Txapelketako laugarren lasterketa izango da eta ondoren beste hainbeste geratuko dira amaitzeko.

 

Igor Urien Alemaniako Nurburgring zirkuituko box-etan:

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!