Juan Luis Elorza abadiñarrak profesionaletan debutatu zuela mende erdi bete da maiatzean; bigarren mailako txapela jantzi eta lehen mailan ere ibili zen.
Batzuetan, ondo dator atzera begiratu eta egindako bideari erreparatzea. Gainerako kirolen antzera, gaur egungo esku pilotak eta pilotariek asko zor diete, esaterako, orain 50 urte Abadiñoko pilotalekuan entrenamendua hasi aurretik, kantxan zerrakin bustia zabaldu eta erratza pasatu behar zuten pilotariei. “Horrela kontatuta gezurra dirudi, baina orduan horrela ziren kontuak” gogoratu du Juan Luis Elorzak (69 urte, Abadiño), profesionaletan debutatu zuenetik mende erdia bete denean.
Beste anekdota batek ere argi islatzen du esku pilotak kantxa barruan zein handik kanpora izan duen garapena: “Orduan goitik behera zuriz jokatu behar genuen. Abarketak egiteari utzi ziotenean, zapatillak erosten hasi ginen, eta nire zapatilla pareak marra urdin bat zuen barrenean. Enpresari batek esan zidan hurrengo partidurako marra hori zuriz pintatzeko. A ze aldea, gaur egun, esaterako, Irujo kolore denetako zapatillekin jolasten ikustea”.
Elorzak 1963ko maiatzaren 19an debutatu zuen profesionaletan, Astelena pilotalekuan. Intxaurrondo arabarra aurrelari zuela, irabazi egin zuen Otxoa eta Llamaren kontrako partidua. Handik bost urtera, Astelenan bertan eta pronostikoak apurtuz, bigarren mailako buruz buruko txapela jantzi zuen Del Val errioxarra menderatuta. Belauneko lesio batetik errekuperatu berritan, garaipen handia izan zen.
Lehen mailan ere jokatu zuen: “Bigarren mailan puntan genbiltzanok sarritan jokatzen genuen lehenengo mailan. Orduko pilotari denen kontra jokatutakoa naiz”. Jesus Garcia-Ariño atxondarra eta Hilario Azkarate elorriarra ziren orduko izar batzuk. Lehen mailako buruz buruko txapelketan birritan parte hartu zuen. Lehenengoan, Bergara I.ak erraz irabazi zion Labriten. Bigarrenean, Andueza III.ari irabazi eta hurrengo fasean Tapia I.aren kontra galdu zuen. Eskuko minak ez zion bererik ematen utzi eta, hain zuzen, arrazoi horregatik uko egin zion aurrerantzean buruz buru lehiatzeari.
Profesionaletan 17 urte egin eta 1980an erretiratu zen. Handik urte bira, 1982an, omenaldia egin zioten Eibarko Astelenan, eta ordukoak ditu gomutarik ederrenak: “Beste denegaz baino, egun horretaz akordatzen naiz gehien. Lagunengandik jasotako berotasuna betiko geratzen da, ez da ahazten”. Panpi Ladutxe eta Oreja anaiak izan ziren omenaldi hartan parte hartu zuten pilotarietako batzuk.
Gaur egun, besteak beste, Zabaleta, Olaizola II.a eta Irujo ditu pilotari gustukoenak: “Irujoren gaitasuna eta Olaizolaren burua batzen dituen pilotaririk balitz, hura bai behin betiko pilotaria!”, dio.