Nazioarteko V. Quad Opena egongo da asteburuan, Abadiñon

Anboto 2013ko mai. 28a, 10:00

Aurten bosgarren aldia egingo du Traña-Matienan antolatuko duten openak

Quad mundua erdigune duen asteburua proposatuko du asteburu Abadiñoko Ende-Quad Motor Klubak. Aurten bosgarren aldia egingo duen ekimenak, 100 bat parte hartzile ez ezik, motor arloko enpresa garrantzitsuak ere gerturatuko ditu Traña-Matienara (Yamaha, Suzuki…) euren nobedadeak erakusteko: quad-ak, buggiak…


Traña-Matienan, Inyectametal enpresaren atzealdean dagoen zelaian atonduko dute kilometro bat inguru duen zirkuitua. Zapatuan egun osoan zehar eta domeka eguerdira arte hainbat txapelketatan (Gaztela Leongo txapelketa eta quad country opena, esaterako) parte hartuko duten 100 bat quad gidari batuko dira Abadiñoko auzoan. Espainiar Estatu osotik eta Portugaldik etorriko dira.


Domeka goizean 100 bat quadzale Durangaldeko mendietataik ibiliko dira lau bat orduko ibilbidean, motor hotsa eskualde osora zabalduz. Bitartean Traña-Matienako zirkuituan motocross lasterketak egingo dituzte.

 


Musika eta azoka


Urtero legez, quad openaren harira, erdi aroko azoka ere prestatu dute asteburu osoan zehar Tranaetxoste kalean. Artisautzari edo janariari lotutako askotariko produktuak salduko dituzte.


Horrez gainera, domekan, 12:00etan, De Norte a Sur dantza taldeak erakustaldia eskainiko du zirkuituaren inguruan jasotako karpa batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!