Abadiñoko Fexmack klubeko Jazmin Hendersonek (Berriz, 10 urte) Espainiako txapelketa irabazi du semi-contact modalitatean. Euskadiko selekzioak modalitate horretan lortu duen urrezko domina bakarra izan da.
Maitzaren 18an eta 19an Alcorconen (Madril) jokatu zuten Espainiako txapelketa kickboxingeko semi-contact modalitatean. Euskadiko selekzioagaz Abadiñoko Fexmack klubeko ordezkari bi joan ziren: Jazmin Henderson eta Alex Henderson. Jazminek txapelketan parte hartzen zuen lehenengo aldia zuen. Finalean urduritasuna nabaritu zitzaion eta lehen minutua amaitu aurretik 0-3 galtzen zihoan. Baina azken txanpa zoragarri baten ostean borrokaldiari buelta eman eta 5-3 irabazi zuen. Bere anaia Alexek brontzezko domina jantzi zuen. Finalerdietan gerora txapeldun izango zen Madrilgo ordezkariak kanporatu zuen.
Full eta light contact modalitateak
Bestalde, apirilean zehar full eta light contact modalitateetako Espainiako txapelketak jokatu dituzte. Light contact-ean Alex Henderson laugarren sailkatu zen. Kontuan hartzeko emaitza da futbolean izandako lesio baten ondorioz nahi moduan prestatu barik joan zelako txapelketara. Full contact-ean Xabier Zubizarreta izan zen Fexmack klubeko ordezkaria Euskadiko selekzioagaz eta laugarren amaitu zuen. Modalitate horretan parte hartzen zuen lehenengo aldia zuen Zubizarretak.
Fexmack klubeko Mack Tiradok adierazi duenez, “datorren urtean Euskadiko txapelketa Abadiñora ekartzen saiatuko gara”.
Alex eta Jazmin Henderson Mack Tiradogaz batera: