San Trokaz txapelketako finalak jokatuko dituzte etzi

Anboto 2013ko mai. 17a, 12:32

Uriarte eta Antxia abadiñarrek Waltary eta Etxebarria izango dituzte aurkari

Uriarte eta Antxia abadiñarrek Waltary eta Etxebarria izango dituzte aurkari.

 \"\"

Domeka eguerdian, San Trokaz Txapelketako finalak jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean. 11:00etan hasiko da jaialdia; paleta gomako partidu baten ostean, promesen mailako finala jokatuko dute Arabiourrutiak eta Bilbaok. Ondoren, 12:30 inguruan, binakako final nagusian neurtuko dira Rober Uriarte eta Ander Antxia alde batetik, eta, Waltary eta Etxebarria, bestetik.

 

Bikote biek nahiko erraz lortu zuten finalerako sailkapena eguaztenean. Abadiñoko bikoteak 40-23 menderatu zituzten Mikel Gonzalez berriztarra eta Bonetbelche –Lamberten ordez etorri zen, eskuko minez zegoelako– . Antxia garbi nagusitu zen atzean, eta Uriartek aukera asko izan zituen aurrean. Gonzalez salduta ibili zen partiduko zatirik handienean.

 

Bigarren finalerdian, Waltary eta Etxebarria galtzen hasi ziren: 0-10. Baina Etxebarria asentatu zenean, eta Waltary egurrean hasi zenean, partiduari buelta eman eta alde dezentegaz (40-27) sailkatu ziren.

 

Pilotako finalak zapatuan

Bestalde, San Trokas Pilota Txapelketako finalak ere jokatuko dituzte zapatuan, 18:00etan. Kadeteetan, Peña eta Mendia beasaindarrak Arrizabalaga eta Urizar markinarren aurka ariko dira. Nagusietan, Oiartzungo Ugalde anaiek Arabiourrutia abadiñarra eta Izurieta barakaldarra izango dituzte kontrario. Finalaren aurretik, Atxarte pilota eskolak Toribio Irazola omenduko du, urte askoan Abadiñoko pilota eskolaren alde egindako lanagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!