Igor Urienen proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Bizkaia Bizkaialde Fundaziotik 300.000 euro jasoko ditu.
Ordainetan, gauzak ondo badoaz eta gora heltzen bada, kopurua osoa bueltatzeko konpromisoa hartu du Urienek. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak ‘arriskudun kapitala’ legez definitu du operazioa eta akordio "nobedosoa eta interesgarria" dela adierazi du: “Eliteko kirolari ez profesionalak lagundu gura ditugu. Oso pozik babestuko dugu proiektu hau. Ondo erabilitako dirua da. Seguru gaude Igor hazten joango dela eta Emilio de Villlotak aurreratu duen legez diamante landu bat bihurtuko dela eta diru osoa bueltatzeko moduan egongo dela”.
Era berean, AIC-rekin (Automotive Intelligence Centre) lotutako akordioaren bidez, Urienek Euskal Herriko Formula Student taldeei aholkularitza zerbitzua eskainiko die gidatzeko moduaren zein monoplazako hainbat xehetasun teknikoren inguruan. Euskal Herrian Formula Student talde bi daude: Bilboko Ingenieritza Goi Eskola Teknikoa eta Gipuzkoako Tecnun Motorsport. Bilboko eskolako ikasleak sortzen ari diren monoplazako esekidura Durangoko Maristak ikastetxeko 30 ikasleren ardura da.
Formula Student Erresuma Batuko IMechE-ek (Institution of Mechanical Engineers) antolatutako programa bat da, ingenieritzan etorkizuneko talentuak sustatzea helburu duena.