Gutxieneko aurrekontua hortxe-hortxe batuta duela, Espainiako Abiadura Txapelketara bueltatuko da Aitor Martinez bost urteren ondoren. Erronka handia du aurretik. Lasterketak irabaziz saiatuko da babesleak erakartzen.
Zelakoa izan da aurrekontua osatzeko babesleen bilaketa?
Nahiko gaitza eta gogorra izan da. Gehiegizko ezkortasuna nagusitu da alde guztietan, eta askok ez dute dirurik ipini gura, jendeak ez dezan uste garai gaitz hauetan gastatzen dabiltzanik. Bizitza osoan nigaz egon diren hiru lagunek eta babeslek utzi egin behar izan nautela da honetan guztian gogorren egin zaidana. Ekonomikoki egoera konplikatuan daudelako gertatu da. Bestalde, nire betiko beste babesle batek laguntza bikoiztu dit.
Denboraldiari bermeagaz aurre egiteko adina diru batu duzu?
Gutxiengo kantitatearen %60 batu dut, gutxi gorabehera. Denboraldi osoan garaipenak lortzen eta aurrean ibiltzen saiatuko naiz, sponsor baten arreta deitu eta aurrekontua osatzeko. Ez erortzea edo arazo mekanikorik ez izatea itxaroten dut, kasu horretan, orain dugun aurrekontua espero baino lehenago amaituko litzatekeelako. Orain 16 urte ,Espainiako azpitxapeldun geratu zinen. Bai. Junior mailan izan zen, 19 urte nituela. Sasoi hartan, anaia hil zitzaidan, eta lasterketetan dena emanez atera nuen barruko mina. Ondoren, abiadura txapelketarako aurrekontua osatu guran nenbilela, babesle batzuk huts egin eta zor handia pilatu nuen. Urte asko eman nituen zorrak kitatzen. Ondoren, 2007an Supermoto kategoriako elitera bueltatu nintzen, baina tibia eta peronea apurtu eta txapelketa utzi beharra izan nuen podiumetan sarritan sartzen nenbilenean. Zelanbait esanda, harriz betetako basamortuko trabesia bat izan da.
Txapelketa irabaztea da aurtengo helburua?
Bai... Batez ere, nire zirkuitu gustukoenetan dauden lau lasterketak topera lehiatu gura ditut: Motorland eta Nafarroako zirkuitukoak. Euskadin zirkuiturik ez dagoenez, horietan bietan erabakitzen da Euskadiko Txapelduna. Nik estimu handia hartu diet, eta etxeko zirkuitu moduan hartzen ditut. Euskaldun asko joaten da lasterketok ikustera, eta oso babestuta sentitzen naiz.
Zelakoa izango da motorra?
Iazko bera da, Yamaha R6 bat, baina esekidura berezi batzuk ipini dizkiogu, eta horiek garatzea da nire ardura. Lan handia izaten ari gara geometria egokiaren bila. Asmatzen dugunean, aurrean eta lasterketak irabazten ibiliko garela uste dut. Hori da hainbeste lan egiteko nire motibazioa.
Nortzuk izango dituzu areriorik gogorrenak?
Uste dut Elena Rossel mundialista izango dela areriorik gogorrena, baina 17 eta 18 urteko dozena bat gazte egongo dira, bakoitza bere probintziako txapelduna, eta seguru nago lanak emango dizkidatela. Baina azkenean, nire buruaren kontra lehiatzen naiz. Denak funtzionatu dezan lortzen badut, edonori aurre egiteko gai izango naiz.
Txapelketako beteranoetakoa izango zara 35 urtegaz. Zer abantaila ditu?
Orain, gaztetan baino askoz trankilagoa naiz, eta gauzak hobeto planifikatzen ditut. Ustebakoen aurrean azkarrago erantzuten dut, erreflexu hobeak ditut, eta ia ez dut beldurrik sentitzen. Benetan eskertuta nago gustatzen zaidan horretan lehiatzeko eta borroka egiteko aukera dudalako. Beharbada, energia hori da hau guztia posible egiten duena.
Aurten Munduko Motoziklismo Txapelketa inoiz baino emozionanteago dago.
Lorenzo konstantea da, eta gai da lasterketa osoa errekorren erritmoan egiteko. Marquezek ilusioa eragingo du, aurtendik hasita lasterketak irabazteraino, nire ustez. Pedrosa, Rossi... Denak ikusgarriak dira. Munduko Txapelketa Rossiren eta Marquezen artean jokatzea nahi nuke; nire idoloak dira.