Sei txapeletarako 140 hautagai ditu San Prudentzio txapelketak

Anboto 2013ko mar. 25a, 08:33

Kadeteetan eta seniorretan binaka lehiatuko dira; gazte eta promesetan lau t’erdiaren barruan

Kadeteetan eta seniorretan binaka lehiatuko dira; gazte eta promesetan lau t’erdiaren barruan.

 

Joan zen asteburutik abian da 19. San Prudentzio Pilota Txapelketa. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 140 pilotari dabiltza lehian, lau mailatan banatuta. Pilotarien zerrenda osatzerakoan, gaur egun afizionatuetan nabarmentzen ari diren pilotariengan ipini dute begi bat, eta pilotan jarraitu gura, baina punterengo txapelketetan sartzea kostatzen zaienengan bestea. Irizpide biak oinarri hartuta, txapelketa orekatua antolatzen saiatu da Abadiñoko Atxarte pilota eskola.

 

Pilotariak lau mailatan lehiatuko dira: kadeteek eta seniorrek binaka jokatuko dute, eta gazteek eta promesek lau t’erdiaren barruan. Oro har, mailaz maila, Nafarroatik datozen pilotariak dira txapelak janzteko faborito. Durangaldeko pilotariei dagokienez, Aitor Elordik zeresana eman dezake gazteen mailan. Maila berean, Ander Errandoneak ere parte hartuko du, Inaxio Errandonea pilotari ohiaren semeak.

 

Finalak pilotaleku bitan Txapelketaren sistema kanporaketa bidezkoa izango da. Final zortzirenak arteko partidurik gehienak Traña-Matienako pilotalekuan jokatuko dituzte. Barikuetan (21:00etan), zapatuetan eta domeketan (17:00etan) jokatuko dira partiduak. Final laurdenetatik aurrera, Zelaietako pilotalekuak kadeteen eta promesen partiduak hartuko ditu, eta Traña-Matienakoak gazte eta senior mailakoak. Traña-Matienako final biak maiatzaren 1ean jokatuko dituzte, eta Zelaietakoak maiatzaren 18an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!