"Jende asko beldurrez hasi, eta denborara, poz-pozik etortzen da"

Anboto 2013ko mar. 10a, 08:08

Kickboxingeko hainbat modalitatetan Espainiako txapelketetan parte hartuko duen Euskadiko Selekzioa nortzuek osatuko duten erabaki zen joan zen asteburuan, Abadiñon. Fexmack klubak lau ordezkari izango ditu

Kickboxingeko hainbat modalitatetan Espainiako txapelketetan parte hartuko duen Euskadiko Selekzioa nortzuek osatuko duten erabaki zen joan zen asteburuan, Abadiñon. Fexmack klubak lau ordezkari izango ditu.

 

Abadiñoko Fexmack taldeko lautik hiru sailkatu dira Espainiako txapelketara. Espero zenuten?

Azkenean, espero baino parte-hartzaile gehiago izan genituen. Ia lau ordu iraun zuen sailkapeneko jardunaldiak. Gu pozik gaude gure jardunagaz. Alex Henderson (15 urte) light contact eta semi contact modalitateetan sailkatu zen; Yasmin Henderson (10 urte) semi contactean, eta Xabier Zubizarreta (23 urte) full contactean.

 

Zer aukera dituzte Espainiako txapelketan?

Alexek zilarrezko domina bi eta brontzezko bat irabazi ditu azkenengo urte bietan. Badu palmaresa. Alex dominaren bat irabazteko aukerekin ikusten dut. Yasmin ere bai, bere adin tartean ez daudelako hainbeste parte-hartzaile. Xabik birritan parte hartu du light contact modalitatean, baina aurten full contactean arituko da lehenengoz.

 

Euskadiko Selekzioak zer maila du, gainerakoekin alderatuta?

Nik sei urte daramatzat Euskadiko Selekzioagaz. Hasiera batean, gutxi batzuk joaten ginen Espainiako Txapelketara: bat, bi edo zazpi, asko jota. Aurten, 21 joango gara, eta gainera, hainbat modalitatetan. A ze aldea! Urterik urtera gorantza goaz. Dena dela, bereizketa bat egin beharra dago. Egia esan, jende asko dabil Euskadin kickboxinga estraofizialki praktikatzen. Bakoitzak bere bidea aukeratzen du. Guk legalitatearen bidea aukeratu dugu.

 

Euskadik badu kickboxing federaziorik?

Ez, Euskadik ez du kickboxing federaziorik. Badaukagu elkarte bat sortuta Euskadiko hainbat taldegaz, eta Madrilgo Federazioak bere barruan hartu gaitu. Bide hori erabilita dugu lotura Espainiako Federazioagaz, eta haren barruko txapelketekin. Legalitatearen barruan gaude. Gure kirolariek irabazten dituzten tituluek, lortzen dituzten gerrikoek… Denek dute Kirol Batzorde Nazionalaren onespena.

 

Euskadin federazio bat sortzea gaitz ikusten duzu?

Bagabiltza bide horretan lanean, baina Euskadin edozein federazio sortzeko eskakizunen artean daude, besteak beste, gutxienez 30 klub eta 500 lizentzia edukitzea. Hori asko da. Esaterako, Nafarroan, lau klubekin federazio bat sortu dute. Egunetik egunera federazio baten sorrera hurrago ikusten dut, baina oraindino, bide luzea dago egiteko. Epaileen zuzendari teknikoa zara.

 

Epaileen lanak zer garrantzia du kirol honetan?

Hona etorri nintzenean, Juan Carlos Blancok (Euskadiko elkarteko presidentea) bultzatuta onartu nuen kargua. Izan ere, Euskadin dagoen arazo handienetako bat da, ia ez dagoela epailerik. Badatoz, baina apurka- apurka. Joan zen asteburuan Abadiñon epaile aritu ziren gazte askorentzako lehen aldia izan zen, eta harrituta geratu nintzen erakutsi zuten mailarekin. Arbitrajea kirol ororen oinarria da. Arbitrajeak huts egiten badu, alferrik gabiltza. Alde horretatik, oso pozik utzi ninduen Abadiñon aritu zirenen mailak.

 

Noiz sortu zenuen Abadiñoko Fexmack kluba?

Iazko abuztuan. Traña-Matienako Zeus gimnasioa eskaini zidaten eskolak emateko, eta horrela hasi ginen. Orain, erabilera anitzeko kiroldegian ematen ditugu eskolak. Ordutegi aldetik, malgutasun handiagoa dugu. Gura dutenentzako zabalik dago kluba, baina apur bat familia giroa mantentzen saiatzen gara, hori delako entrenamenduerako girorik egokiena.

 

Zer aurkituko du klubera batzen denak?

Kirola praktikatu, eta esfortzu handirik barik, bere burua defendatzen ikasiko du, dibertituz gainera. Ez dago inor kolpatu beharrik. Gaztetxoetan, batez ere, dena oso kontrolatuta dago. Light contactean, esaterako, burua oso babestuta dago, epaileek berehala mozten dituzte kolpe horiek. Jende asko beldurrez hasi, eta denborara, poz-pozik etortzen da.

 

Nekagarria da estereotipoen kontra kickboxinga etengabe defendatu beharra?

Entrenatzaile naizen aldetik, normaltasunez ikusten ditut jendearen erreparoak. Neu ere, kirol honetan hasi nintzenean, beldurtuta hasi nintzen. Beraz, normala da. Baina guk sei urtean lesio bakarra izan dugu eta, ostera, zenbat bider entzuten ote ditugu futbolean edo beste kirol askotan jokatuz lesionatu direnen istorioak!

 

Iaz, Poli Diaz boxeolari ohia ekarri zenuten Traña-Matienara.

Bai, eta oso ondo egon zen. Bera adeitsu agertu zen, eta guk euskal txapelagaz egindako oroigarri bat eman genion. Traña-Matienako jaietan beste norbait ekartzea gustatuko litzaiguke, boxeo edo kickboxing arlokoa. Munduko txapeldunen bat edo… Ikusiko dugu. Oraindino, asmoa asmoa baino ez da.

 

EUSKADIKO SELEKZIOA ORDEZKATUKO DUTENAK

 

\'SEMI CONTACT\' MODALITATEA (maiatzak 18 eta 19, Madril)

- Yasmin Henderson (Abadiñoko Fexmack)

- Alex Henderson (Abadiñoko Fexmack)

- Izaro Blanco (Ugaoko taldea)

- Iker Blanco (Ugaoko taldea)

- Adrian Andrade (Ugaoko taldea)

- Iker Valda (Ugaoko taldea)

- Julen Ordeñana (Ugaoko taldea)

 

\'LIGHT CONTACT\' MODALITATEA (apirilak 6 eta 7, Madril)

- Alex Henderson (Abadiñoko Fexmack)

- Izaro Blanco (Ugaoko taldea)

- Iker Blanco (Ugaoko taldea)

- Nabil Rabouk (Yin Yan)

- Jon Perez (Yin Yan)

- Ieltxu Simon (Ugaoko taldea)

- Diego Tejedor (Yin Yan)

- Diego Tobarra (Yin Yan)

 

\'FULL CONTACT\' MODALITATEA (apirilak 27 eta 28, Madril)

- Xabier Zubizarreta (Abadiñoko Fexmack)

- Pedro Hernandez (Yin Yan)

- Alberto Romero (Yin Yan)

- Aitor Ugalde (Ugaoko taldea)

 

\'LOWKICK\' MODALITATEA (apirilak 27 eta 28, Madril)

- Alberto Romero (Yin Yan)

- Jon Asteasu (Yin Yan)

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!