Ivan Rodriguezek irabazi du San Blas argazki lehiaketa

Anboto 2013ko ots. 21a, 09:02

Atzo, 19:00etan, Txanporta kultur etxean egin zuten lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, eta martxoaren 8ra arte, kultur etxean horretan erakusketan izango dira argazki guztiak

\"\"Atzo, 19:00etan, Txanporta kultur etxean egin zuten lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, eta martxoaren 8ra arte, kultur etxean horretan erakusketan izango dira argazki guztiak.

 

Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, 45 argazkilarik parte hartu dute aurten, San Blas argazki lehiaketan, eta 88 argazki jaso dituzte lehiaketan —iaz 52 jaso zituzten.

 

Durangoko Ivan Rodriguez argazkilariak irabazi du, bigarrenez, lehenengo saria; duela lau urte ere lehenengo saria irabazi zuen. 400 euroko lehenengo saria jaso du Rodriguezek, eta adierazi duenez, “bai sariagatik, bai eta irabazi duen argazkia alabarena delako ere oso pozik” dago argazkizalea.

 

Rodriguezek azaldu duenez, alaba lagun baten sorbalda gainean zegoela egindakoa da epaimahaiak aukeratutako argazkia. Azken orduko erosketak dauka izenburua.

 

Webguneen diseinuan egiten du lan Rodriguezek, eta esan bezala, hainbat biderrez aurkeztu izan du bere lana San Blas lehiaketa honetan.

 

Bigarren saria, bestalde, Carlos De Cos argazkilari gipuzkoarrari eman dio epaimahaiak: 250 euroko saria irabazi du De Cosek, abelburuak agertzen diren argazki bati eskerrak.

 

Ignacio Conde Martinek jaso du San Blas argazki lehiaketako abadiñar batek egindako argazki onenaren saria. Baserritar bat abelburua erakusten agertzen da Conde Martinen argazki horretan. 2011n lehenengo saria jaso zuen Condek. Aurten 19 abadiñarrek parte hartu dute lehiaketan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!