Georgiako Dinamo Tbilisi taldeagaz astebete eman du probak egiten eta han aurkitu duenak konbentzitu egin du. Geratzen den denboraldirako eta beste birako kontratua sinatu du.
Espainiakoaren aldean liga ahulagoa izanagatik, betondoko zauriak garbi uzten du Georgian ere ez direla besomotzak. Hizkuntza eta kultura arrotzean integratzen laguntzeko jokalari euskaldun bat baino gehiago izango du inguruan.
Zerk eraman zaitu Dinamo Tbilisiren eskaintza onartzera?
Joan zen denboraldia amaitu eta hilabete ingurura Leeds United taldeagaz (Ingalaterrako bigarren maila) proban egon nintzen. Hiru bider joan nintzen hara. Eurek ni gehiagotan joatea nahi zuten, baina ez zuten gastuen kargu egin gura. Nik esan nien nire inguruko hainbat bideo daudela eta haiek ikusi zitzaketela, baina ez nintzela gehiago joango gastuak ordaindu ezik. Eurek eurenean jarraitu zuten eta hortxe geratu zen kontua. Harrezkero, Espainiako bigarren mailako taldeen eskaintzak izan ditut, bere sasoian onartu ez nituenak eta gerora beharbada onartu izango nituenak. Baina ez naiz damutzen orain hartutako erabakiagaz. Atzerrira joan eta beste liga bat ezagutzea interesgarria da eta ilusio handiz nago.
Uneren batean talderik barik jarraitu zenezakeela sentitu duzu?
Bai, azken asteetan urduri ibili naiz, ez zelako ezer irteten. Neguko merkatua itxi egin zen. Futbolak beharbada ez zidala beste aukerarik emango pentsatu izan dut. Oraindik 30 urte ditut eta hiru-lau urte onak geratzen zaizkidala sentitzen nuen. Esan moduan, aukera batzuei joaten utzi nien eta zuzen jokatu ote nuen dudak sortu zitzaizkidan. Baina sekula ez da jakiten hurrengo egunean zer aukera sortu daitekeen. Erabaki gatxak dira. Azkenean, ez dakit nori eskerrak, baina Dinamo Tbilisiren aukera irten da eta pozik dago.
Zer dakizu Dinamo Tbilisiri buruz?
Oraintsu arte ezer gutxi. Orain urte batzuk Athleticek Dinamo Tbilisiren aurka jokatu zuen eta horregatik ezagutzen nuen. Interesa zutela jakitean ikertzen hasi eta nire taldean Espainiako jokalari batzuk daudela jakin nuen: Mikel Alvaro amurriarra, Xisco Muñoz (Valentzia eta Betiseko jokalari ohia) eta Carles Coto (Bartzelonako beheko taldeetan aritua), esaterako. Mikel Alvarogaz berba egin eta gustura zeudela esan zidan. Horrek joatera animatu ninduen. Endika Bordasek ere hiri berean jokatzen du (Lokomotiv Tbilisi-n). Azkenean, susmoa dut, denok elkarrekin ibiliko garena.
Sentsazio horien bila bertara ere joan zara.
Dinamo Tbilisigaz astebete egin dut Turkian, entrenatzen zein lagunarteko partiduak jokatzen. Nire helburua ez zen taldean zer eman dezakedan bakarrik ikustea. Sentsazio bila ere joan nintzen eta taldean giro ona dagoela ikusi dut. Esaterako, askotan geratzen dira afaritarako. Esperientzia berria eta polita izan daitekela sentitu dut.
Durangon eman dituzun egunak ezagunei eta familiari gero arte esateko baliatuko zenituen.
Hori da. Familiak sostengu osoa eman dit. Nire ogibidea dela esan didate eta ni pozik banago eurek ere pozik daudela. Neskalaguna nirekin etorriko da Tbilisira. Beraz, hemengo egunak (astelehenean joan zen Tbilisira) hainbat laguni eta ezaguni agur esateko erabili ditut.
Denbora honetan guztian zelan eutsi diozu forma fisikoari?
Durangoko Kulturalagaz entrenatzen egon naiz. Asko eskertzen diet aukera hori ahalbidetu didatelako. Horrez gainera, korrika egin dut edo gimnasiora joan naiz.
Zer iruditzen zaizu Kulturalaren orain arteko denboraldia?
Eurekin entrenatu dut eta talde polita dutela deritzot. Denboraldi hasiera oso ona izan zuten. Ondoren, zazpi bat partiduko bolada txar bat etorri zen. Orain, hasierako sasoi puntu hori hartu ezinda dabiltza eta irabazteko partidu batzuk ihes egin diete. Ea berriro gorantz egiten duten.
Eta Athleticen denboraldiari zer deritzozu?
Beste hainbeste esango nuke. Ezin dira heldu iazko puntu horretara. Azken partiduak onak izan dira, baina definitiboki gorantz egiteko zerbait falta zaie. Kirolez kanpoko kontuek ere ez dute askorik laguntzen. Gehiegi berba egin da jokalari batzuei buruz. Ea hauek ere gora egiten duten.