Durangon bizi den abadiñar honek hainbat herri ezagutu ditu bildotsaren kontura. Kasualitatez, behin Urkiolan bildots erretzaile faltan zeudela erre zuen lehen bildotsa, duela urte asko. Praktikatik eta maisu bati entzundako berbetatik asko ikasi du urteotan. Sanblasetako Burduntziko Bildots Txapelketan ibiltzen da \'chef\', eta pasadizo ugari ditu kontatzeko.
Abadiñoko lehiaketan huts egin barik parte hartzen duzu urtero.
Iaz ez nintzen egon, operatuta nengoelako ospitalean, baina bai. Aurten 25 urte egingo ditut, eta besteei ere lekua utzi behar zaie. Beno, hori diot, baina ez dakit. Gero pixka bat bultzatzen banaute...
Nondik dator zaletasuna?
Orain dela 40 bat urte, lehenengo bildotsa Urkiolan erre nuen. Koadrila bat elkartu ginen, eta tabernakoari bildotsak prestatzeko esan genion, baina erretzailerik ez zuela topatu esan zigun, eta guk erretzeko. Egin genuen sua, idia erretzeko bestekoa! Erdiagaz nahiko genuela esan zigun tabernakoak. Han ibili ginen buelta eta buelta, eta jan genuenean hain txarrak ez ginela ikusi, eta han hasita, Mendiolan tabernan ere ibili nintzen, eta hainbat bildots erre ditut harrezkero!
Oloten, behinola, pilo bat bildots erre zenituen...
65 bildots. Abadiñoko sokatirako taldeak laguntasuna egina du Oloteko talde bategaz, eta geroztik Matienako jaietara-eta etortzen dira. Sanblasetara etorri ziren duela hiru urte, ikusten zer zen burduntzian bildotsa erretzea. Sinistu ere ez zuten egiten: “Gero hau jan? Zelan baina?” Ederto jan zuten, eta gero Olotera joatera gonbidatu ninduten.
Eta 65 bildots erre!
1.200 lagunentzako afaria zen. Txerri okelagaz jaia egiten dute han. Irlandatik ekarritako bildotsak ziren haiek, eta astoen lako bildotsak ziren, handiak eta gogorrak. Sei lagun ibili ginen han. Oso pozik geratu ziren.
Praktikatzen ikasten da, ala trukuren bat badaukazu?
Praktikak asko egiten du, baina hor faktore asko dago: bildotsak eurak zelakoak diren, zelako lekua den... Haizetsua bada, kontuz ibili behar! Pentsatu dezakezu ederto eginda dagoela, baina gero... Behin, Burgosen erre nuen txahal bat, goizeko bederatziak inguruan hasi, eta iluntzeko zazpiak arte, eta atzeko izterren zati handi bat egin barik! Haizeak eta hotzak ez dute batere laguntzen.
Urteetan ikasitako kontuak dira.
Abadiñoko lehiaketan lehenengoz parte hartu nuenean, Laspillak irabazi zuen. Hemen inguruan Laspilla onena zen bildotsak erretzen. Bigarren urtean epaile egon zen. Atera kontuak zelan ikusten zituen bildotsak, kutxillo bat hartu, bildotsengana joan, eta hiru aukeratu zituela. Ikusteagaz bakarrik bazekien hiru bildots horietako batek hartuko zuela saria. Horietako bat neurea izan zen, lehenengo saria. Hurrengo urtean, Abadiñon sozietate batean elkartu nintzen Laspillagaz, bera bildots bategaz eta ni beste bategaz. Berbetan geundela, ardo apurtxo bat ere edan genuen, eta esan nion: “Lotsatu egiten naiz zu ondoan egonda ni bildotsa erretzen ibiltzeaz. Joan eta emaiozu zuk buelta”. Berarekin joateko esan zidan, eta bildots ondoan gero: “Bildotsa holantxik eta holantxik eitten da, eta ein bixok hauxe, hauxe eta hauxe”.
Jaramon egin zenion?
Ez nion egingo ba! Hurrengo bildotsa horrela egin nuen, eta ordutik hona, berdin. Ardo botilak kulpa osoa! Hiru lagunen artean botila bat ardo edan genuen, eta han kontatu zizkidan truku guztiak!
Zeuk ere orain segituan igarriko duzu bildots bat ondo edo txarto dagoen.
Alde handia egoten da. Begiratu batez igarri daiteke zer bildotsek irabazi dezakeen saria. Batzuek egin bako zatiak edukitzen dituzte. Onena hozkailutik kanpo denboratxoa ematea da. Abadiñon ikatza hartu eta su handia egiten dute batzuek, baina horrela ez da egin behar. Kanpoa erretzen da horrela, baina barrua ez da egiten. Trukutxoak!