Durangoko Landako Gunean jokatutako finalean, lehia gogorra mantendu zuten Abadiñok eta Ibarrak. Azkenean, Abadiñok iazko txapelduna menderatzea lortu zuen.
Hilabete batean 680 eta 640 kiloko txapelketak irabazi ondoren, pisu handietan eta goma gainean jaun eta jabe dela erakutsi du Abadiño sokatira taldeak. Zapatuan, Durangon jokatutako finalean tiraldi guztiak irabazi zituen Abadiñok. 640 kilotan iazko txapelduna zen Ibarraren kontrako tiraldiak izan ziren lehiatuenak eta abadiñarrek tiraldi biak irabazi zituzten. Ipar Euskal Herriko Ñapurrak hirugarren tokian geratu zen Abadiñoren eta Ibarraren kontrako tiraldiak galduta.
Emakumeetan, 540 kilora artekoan, Ibarra, Badaiotz (Gasteiz) eta Bizindar (Artziniega) lehiatu ziren. Ibarrak eta Badaiotzek tiraldi bana irabazi zuten euren arteko saioan eta Bizindarren kontrako denak irabazi zituzten. Ondorioz, emakumeen liga amaitzeko jardunaldi baten faltan Ibarrak eta Badaiotzek berdinduta jarraitzen dute sailkapenean.