Indarrak parean heldu dira finalera Abadiño eta Ibarra

Anboto 2013ko ots. 9a, 08:24

Sailkapen fase bana irabazita, 640 kilora arteko txapela janzteko faboritoak dira Abadiño eta Ibarra, gaur, Landako Gunean jokatuko den finalean

Sailkapen fase bana irabazita, 640 kilora arteko txapela janzteko faboritoak dira Abadiño eta Ibarra, gaur, Landako Gunean jokatuko den finalean.

 

Durangoko Landako Gunean, 640 kilora arteko sokatira txapelketako finala —goma gainean— jokatuko dute gaur, 17:00etan. Emakumeen ligari dagokion jardunaldia ere lehiatuko dute.

 

Gizonetan, Abadiño, Ibarra, Ñapurrak, Zudaire, Murueta eta Berriozar sailkatu dira finelareko. Abadiño eta Ibarra dira txapela janzteko faborito nagusiak, sailkapen faseetan indartsu azaldu direlako. Orain hiru aste Mungian jokatutako lehenengo jardunaldia Ibarrak irabazi zuen Abadiñoren aurretik. Idiazabalen jokatutako bigarrenean, aldiz, Abadiño nagusitu zen Ibarraren aurretik. Ñapurrak taldea, ostera, sorpresa ematen saiatuko da.

 

Urtarrilaren 13an Gernikan jokatutako 680 kilora arteko txapelketan Abadiño nagusitu zenez —Euskal Herriko txapeldun geratu ziren—, zapatu honetan irabaziz gero, goma gainean eta pisu nagusietan onena dela erakutsiko luke. Abadiño irabaztera ohituta dagoen arren, aurten pisu nagusietan lortutako garaipenei balio berezia ematen die Edu Mendizabal entrenatzaileak: "Aurten pisu handiei begirako taldea osatu dute hainbat taldek. Guk, berriz, urteroko taldeari eutsi diogu. Aurten, beharbada, pisu txikietan talde indartsuagoa dugu".

 

Durangoko finalak badu berezitasun bat. Aurten Gernikan sortu duten Murueta taldea bertatik bertara jarraitzeko aukera egongo da.

 

Badaiotz eta Ibarra berdinduta

Emakumeen sokatira liga osatzen duten hiru jardunaldietatik bigarrena jokatuko dute Durangon, Badaiotz, Ibarra eta Bizi-indar (Artziniega, Araba) taldeek. Lehenengo jardunaldian berdindu egin zuten Badaiotzek eta Ibarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!