"Bezeroengatik ematen dit pena denda ixteak; konfiantza handia lortu dugu"

Anboto 2013ko ots. 4a, 08:44

Kafesnea eskutan, eta elkarrizketarako grabagailua parean, tabernara sartzen den ia jende guztia agurtu du Maite Guenagak. Pintura eskoletan berekin dabiltzan emakumeak gonbidatu ditu, \"jubilazioa ospatzeko\" Petitenean lehenengo, eta Ezgarrin gero, lanean urte asko egin ditu, eta Traña-Matienako jende guztia ezagutzen du Guenagak

Kafesnea eskutan, eta elkarrizketarako grabagailua parean, tabernara sartzen den ia jende guztia agurtu du Maite Guenagak. Pintura eskoletan berekin dabiltzan emakumeak gonbidatu ditu, "jubilazioa ospatzeko". Petitenean lehenengo, eta Ezgarrin gero, lanean urte asko egin ditu, eta Traña-Matienako jende guztia ezagutzen du Guenagak. Auzokideekin egindako tratuagaz oso pozik, berarentzako eta ilobarentzako denbora hartuta dabil matienartutako eibartarra.

 

 

Noiztik ibili zara dendan lanean?

Traña-Matienan 35 urte daramatzat nik. Lehenengo, Petite zabaldu genuen, eta gero, Ezgarri. Alokatuta ere eduki genuen urteetan bigarren hau, eta gerora guk hartu genuen. Ni eibartarra naiz, eta han tela denda batean egiten nuen lan. Ezkondu aurretik, liburudenda bat saltzen zutela ikusi zuen senarrak, eta hartu egin zuen. Andrea dendaria zenez... ederto.

 

Senar-emazteak urte askoan egin duzue lan elkarrekin.

Bai, hamar urte edo eroango ditut Ezgarrin, baina arinago biok liburudendan, eztabaidatu eta eztabaidatu! Zer edo zer txarra gertatuz gero, badakizu, dena bestearen errua... [barre egiten du] Baina gainditu dugu, e, ondo joan da dena.

 

Goizean goizetik lanean ibili behar izango da zuenean...

Bai, hori dauka txarrena, baina jendeagaz tratu handia egin dut, eta hori itzela da. Matienan primerako jendea dago, niretzako herri ideala da.

 

Eibar baino hobea?

Beno... Eibarren beti martxa asko dagoela ikusten dut. Eguazten arratsalde batean, adibidez, jende asko ikusten duzu kalean, tabernetatik, paseotxo bat ematen... Hemen ez da horrela izaten, baina denetik daukagu, anbulategia ere bai, eta oso ondo bizi naiz hemen.

 

Denda zabaldu zenutenetik hona, asko aldatuko zen...

Bai, bai! Denda zabaldu genuenean, etxe bloke bi zeuden, eta ordutik hona, etxe asko egin dira, handi-handia egin da hau. Dena daukagu bertan. Herri bat dirudi. Gogoan daukat ama gurekin bizi zenean esaten zuela hemen ez zegoela jesartzeko bankurik ere. Orain oso polito dago dena.

 

Eta lan arloan, lehendik hona asko aldatu dira gauzak?

Ez pentsatu. Dendak nahiko antzera jarraitu du. Jostailuak saltzen genituen hasieran ere bai, eta beti saldu ditugu betiko jostailuak. Gaurko gurasoak Toys’R’Us-era eta joango dira denetarik egiten duten panpinak erostera. Gurean gauza xumeagoak izan ditugu beti.

 

Asko igarri duzue saltoki handien eragina?

Bada erregenetan, adibidez, bai, nahikotxo igarri dugu. Telebistan iragartzen dituzten jostailuak ezin nituen hona ekarri nik. Beti izan ditut gauza xumeak, aitita-amamek, osaba-izebek eta lagunek oparitarako erostekoak.

 

Matiena osoa ezagutuko duzu zuk!

Bai, nik pentsatzen dut baietz! Eta oso jende jatorra dago gainera. Bezeroekin egin dudan tratuagatik pena pixka bat ematen dit denda ixteak. Etorri eta erosketako poltsak uzten izan dizkidate sarritan. Konfiantza handia hartu dugu. Orain esaten didate: non utziko ditugu poltsak orain?

 

Jubilatuta, zer asmogaz zabiltza?

Zapatu eta domeketan ere lan egin ostean, denbora daukat niretzako orain, eta gimnasian, pintura eskoletan eta ilobagaz paseatzen disfrutatzen dut. Orain dela hilabete galdetu izan bazenit, horrelako ezer ez nuen egiten nik!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!