Asteburuan Abadiñon jokatutako txapelketan, Bidezabalek emakumeen taldekako txapelketa irabazi zuen; gizonetan, bigarren sailkatu zen Durango Kirol Kluba
Asteburuan Bizkaiko Kros Txapelketako 89. aldia lehiatu zuten Abadiñon eta Bidezabal atletismo klubak eta Durango Kirol Klubak Bizkaiko talderik onenen artean daudela erakutsi zuten. Bidezabalek emakumeen kluben arteko txapelketa irabazi zuen, Santutxuk azken urteetan ezarrita zuen hegemonia apurtuz. Lasterketa Iraia Garciak (Bizkaiko txapelduna) irabazi zuen, Virginia Berasategi triatletaren aurretik. Bidezabaleko Belit Solar-ek hirugarren amaitu zuen brontzezko domina kolkoratuz eta Gurutze Frades iurretarra zazpigarren sailkatu zen.
Gizonetan, Durango Kirol Klubak zilarra irabazi zuen taldekako sailkapenean. David Garciak Bizkaiko txapelketa irabazi zuen El Hassanb Oubaddiren atzetik bigarren tokian sailkatuz. Durangarraren jardunari, besteak beste, Ekaitz Kortazarren seigarren postua, Gorka Bizkarraren 20.a eta Mikel Zabalaren 27.a batuta, kluben artekoan bigarren sailkatu zen Durangoko kluba. Oier Ariznabarretak ezin izan zuen lasterketan parte hartu. Durangarra ere aritu izan balitz, urrea irabazteko aukerak izango zituen Durango Kirol Klubak.
Gazteetan lehenengo eta bigarren
Azpimarratzekoa da klub biek gazte mailan erakutsitako maila. Bidezabalek gazte
mailako kluben arteko urrezko domina irabazi zuen Garazi Lekunberri eta Leire Santamaria lehenengo bi postuetan sailkatu ondoren. Durango Kirol Kluba bigarren geratu zen, hein handian, Izaro Telleriaren (hirugarren) eta Eider Gorritxategiren (laugarren) lanari esker.
Emakumeen kadete mailan Bidezabaleko Naroa Martinezek zilarra jantzi zuen eta Nerea Costak brontzea. Azkenik, Durango Kirol Klubeko Olatz Agirrebeitiak merituzko bigarren tokia lortu zuen junior mailan.