Igo berria den arren, Abadiño onenekin egoten saiatuko da

Anboto 2013ko urt. 19a, 08:25

Iaz Euskal Ligara igo ziren. Ibon Martin entrenatzailearen esanetan, \"aurten helburua ez da multzoko oilarrak izatea, igotzeko borrokan egotea baino\"

Iaz Euskal Ligara igo ziren. Ibon Martin entrenatzailearen esanetan, "aurten helburua ez da multzoko oilarrak izatea, igotzeko borrokan egotea baino".

 

Iazko denboraldia gogoangarria izan zen Abadiñoko Xake Taldearentzat. Hiru taldeek igoera lortu zuten. Joan zen asteburuan hasitako denboraldiari begira, mailari eustea dirudi helbururik logikoena, baina abadiñarrak ez dira horregaz konformatzen. Taldeak badu maila (Sarralde anaiak, Alain Prieto eta Humberto Odriozola, besteak beste) eta hautsik harrotu barik, baina igoera bilatuko dutela adierazi du Ibon Martin Abadiñoko Xake Taldeko entrenatzaileak: "Iaz multzoko oilarrak ginen. Aurten badakigu talde indartsuen kontra jardungo duguna, baina goian egotea dugu helburu".

 

Badituzte arrazoiak itxaropentsu egoteko. Seigarren biderrez irabazi berri dute Partida Azkarren Euskal Zirkuitua. Jokatutako 20 jardunaldietatik 10 irabazi dituzte, eta Espainiako azpitxapeldun den Torrelavega taldearen aurretik geratu dira.

 

Elorrioko Zaldi Baltzako nagusien taldeak —maila gorenean ari da— mailari eustea du helburu, baina lehenengo jardunaldian Barakaldo 4-0 xehatu ondoren, goikoak estutzeko ahalmena izan dezaketela dirudi. Asteburu honetan Portugalete bisitatuko dute. Beti ibili dira pattal arerio horren kontra. Arrazoi batengatik edo besteagatik, burumakur bueltatu izan dira. Beraz, aurten benetan zer eman dezaketen ikusteko azterketa aproposa izango da.

 

Azkenik, Durangoko Larrasoloetako lehen taldearen erronka lehenengo erregionalari eustea izango da. Lehen jardunaldian 3-1 galdu zuten Portugaleteren aurka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!