"Beste pauso bat emateko proiekzioa duten txirrindulariak fitxatu ditugu"

Anboto 2012ko abe. 2a, 08:57

Berango, Leioa eta Erandioren artean sortutako Elkar Kirolak proiektura batu da Cafes Baque. Beheko mailetako taldeei amateurretako Cafes Baque-Conservas Campo gehitu zaie aurten. David Etxebarria abadiñarra da zuzendaria

Berango, Leioa eta Erandioren artean sortutako Elkar Kirolak proiektura batu da Cafes Baque. Beheko mailetako taldeei amateurretako Cafes Baque-Conservas Campo gehitu zaie aurten. David Etxebarria abadiñarra da zuzendaria.

 

Azkenengo urte biak Sopelako Koplad Uni2 taldean eman dituzu. Zelan sortu da Cafes Baque-Conservas Campos taldera batzeko aukera?

Amateurretan txirrindulari gazteak zituen Koplad Uni2 taldeak. Gehienak gazte mailako lehenengo eta bigarren urteko txirrindulariak ziren. Datorren urtean taldeak ez zuela jarraituko jakinarazi zuten. Bien bitartean, Cafes Baque eta Elkar Kirolak negoziatzen zebiltzan. Talde barik geratu nintzela jakin zutenean, deitu egin zidaten.

 

Zergaitik onartu duzu eskaintza? Zerk erakarri zaitu?

Elkar Kirolak elkarteak gauzak oso ondo egin dituela uste dut. Hasiera-hasieratik argi adierazi nien zer eta zelan gura nuen, eta berba egiteko eta adostasunera heltzeko prestutasuna erakutsi zuten. Horregatik onartu dut.

 

Elkar Kirolak-ek hainbat talde ditu gaztetatik nagusietara arteko mailetan.

Orain 15 urte inguru, Cafes Baquek  gaztetxoetatik nagusietara arteko hainbat talde izan zituen. Ondoren, afizionatu mailako taldeagaz bakarrik geratu zen, eta horrela ibili da iaz arte. Berriro ere sasoi bateko egoerara bueltatu gura zuten, eta horretarako biderik errazena dagoeneko indarrean zegoen egitura batera batzea zen. Elkar Kirolak-ek baldintza horiek betetzen zituen.

 

Taldearen staff teknikoa guztiz berria da. Zer hartu-eman duzu eurekin?

Xabier Artetxe —prestatzaile fisikoa— laguna dut orain dela hamar bat urtetik hona. Seguros Bilbao eta Caja Ruralen gauzak ondo egin ditu. Nik erabateko konfiantza dut berarengan eta berak ere bai niregan. Berak Javier Garcia ezagutzen zuen —manager orokorra— eta bere bitartez ezagutu nuen Elkar Kirolak elkartea, eta zelan lan egiten zuten.

 

Txirrindulariei dagokionez, ia denak berriak dira.

Bai. Taldearen izena ezaguna da, baina proiektu berri bati buruz ari gara. Proiekzioa duten txirrindulariak fitxatu ditugu, baina dagoeneko garaipenak edo emaitza interesgarriak izan dituztenak. Aurten pauso berri bat ematen saiatu gara. Helburuak hiru urteko epealdira begira markatu ditugu, baina garaipenak lortzeko taldea osatu dugu, eta uste dut hurrengo denboraldian garaipen bat baino gehiago lortuko dugula.

 

Nortzuk izango dira taldeburuak edo irabazteko erantzukizun handiena dutenak?

Badaude bizpahiru izen. Beharbada izenik garrantzitsuena Mario Gonzalez kantabriarrarena da. Kamargo taldetik dator. Orain urte bi, taldeka erlojupeko Espainiako txapeldun geratu zen 23 urtez azpiko mailan. Afizionatuetan dabilen urte bietan lasterketak irabazi ditu. Marioren anaia Jose Manuel, Antonio Angulo eta Iñigo Ojeda ere aipa daitezke izen garrantzitsuenen artean. Angulo kantabriarra da eta Azysa taldean ibili zen iaz. Ojeda errioxarra da eta nire taldean ibili zen.

 

Fitxaketak egiterako orduan, zer irizpide erabili duzue?

Beste pauso bat emateko bidean dauden txirrindulariak fitxatu ditugu. Dagoeneko zer diren erakutsi dutenak, baina oraindik gora egiteko proiekzioa dutenak. Mario Gonzalez da salbuespena, dagoeneko goian dagoelako. Horregatik lasterketen egutegian Euskal-Nafarroa txapelketan 23 urtez azpiko lasterketei lehentasuna emango diegu. Garaipenen aurretik, profesionaletarako txirrindulariak hezi gura ditugu. Garaipenak garrantzitsuak dira, baina ez niretzako edo taldearentzako. Profesionaletara heltzeko bide horretan dira garrantzitsuak.

 

Taldeak Berangon du egoitza. Zer lotura du talde berriak Durango edo Durangaldeagaz?

Cafes Baquek gura duena da, taldearen izena aipatzean, jendeak Durangogaz lotura egin dezala, zelanbait esanda, babesletzagaz Durango izena txertatzen dio taldeari ere. Zaleek Cafes Baque Durangoko enpresa dela identifikatuko dute, eta hala, Durangogaz eta Durangaldeagaz lotura egin.

 

Elkar kirolak-ek beheko maila denak ditu, baina afizionatuetatik profesionelatarako bidea zelan erraztu daiteke?

Estatu mailan talde gutxi dago: Movistar eta Euskaltel-Euskadi. Hain gutxi egotera, gatxa da. Gure asmoa da, nazioarteko taldeekin ere berba egitea, eta aukeren esparrua ahal den gehien zabaltzea gure txirrindularientzat. Oraindik ez dugu erabaki zelan landuko dugun alderdi hori. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!