"Uste dut ez dudala pasatu nire bizitzan egun bat kantatu barik"

Anboto 2012ko aza. 29a, 08:27

Telebista saioan gustura ibili dela dio Idoia Bediaga abadiñarrak. Kantuan lehiaketako finaleraino heldu da Bediaga. Bizitakoagaz pozik, bakarka eta taldean dituen egitasmoetan murgilduta dabil orain. Bere abestiekin maketa bat grabatuko du. Farewell taldeagaz kontzertuak emango ditu, bihar adibidez, Berrizko gaztetxean

Telebista saioan gustura ibili dela dio Idoia Bediaga abadiñarrak. Kantuan lehiaketako finaleraino heldu da Bediaga. Bizitakoagaz pozik, bakarka eta taldean dituen egitasmoetan murgilduta dabil orain. Bere abestiekin maketa bat grabatuko du. Farewell taldeagaz kontzertuak emango ditu, bihar adibidez, Berrizko gaztetxean

 

Zelakoa izan da Kantuan  lehiaketako esperientzia?

Oso ona. Bai, telebistako giroan eta eszenatokian-eta, oso ondo pasatu dut.

 

Beste casting batzuetan ere ibili zara. Zelan ba, hain animatuta?

Txikitatik gustatu izan zait abestea, eta amak esaten zidan: ‘begira, telebistan telefono zenbaki hau agertzen da casting-etara aurkezteko’... Asko animatu nau. Nire lehenengo casting-a Donostian egin nuen, Tele 5eko programa baterako. Ez ninduten hartu, baina pozik.

 

Lotsa eta eszenatokiko beldurrik ez duzu izan?

Ez... Izakeran agian banaiz lotsatiagoa, baina abesterako orduan eta eszenatokian hobeto moldatzen naiz.

 

Zelako abestiak kantatzen dituzu gusturen?

Eman dizkidaten abestiekin gustura egon naiz. Gala batzuetan gutxiago, abesti denak ez direlako nire estilokoak izan, baina pozik egon naiz. Nik, normalean, ingelesez abesten dut. Gaztelaniaz eta euskaraz ez horrenbeste.

 

Txikitatik abesten duzu. Zelako oroitzapenak dauzkazu?

Bideo batzuk dauzkat etxeko ezkaratzean tontoarena egiten, Shakiraren abestiekin. Nire urtegunean San Faustoko baserrian showak egiten nituen. Amak musika ipintzen zuen, eta nik showa prestatzen nuen.

 

Orduan txikitatik zabiltza lotsa galduta.

Agian orain nagusiagoa naiz eta errespetu handiagoa ematen dit  senideen aurrean kantatzeak, ezezagunen aurrean baino. Eurei huts egiteak beldurra ematen dit.

 

Lehiaketan gitarra jo duzu. Beste tresnaren bat jotzen duzu?

Ez dut musikako eskolarik hartu, ez kanturako eskolarik, ez beste ezer. Badakit gitarra  jotzen, baina ez beste ezer. Txikitan jotzen nituen soinu txikia eta panderoa baina... Gitarrako eskolak hartu nituen, eta banabil abestiak sortzen, ingelesez.

 

Zergatik ingelesez?

Ez dakit, betidanik gustatu izan zait ingeles kultura. Nire janzkera oso ingelesa dela esaten didate. Mundu hori, hizkuntza, asko gustatzen zaizkit.  Londresen egona naiz, eta ametsa dirudi, baina gustatuko litzaidake Londresera gitarrarekin joan, eta bertan nire musika sortzea.

\"\"

Kantuetan zer esaten duzu?

Normalean lagunei buruz idazten dut, edo nire bizitzako pertsona garrantzitsuei buruz. Orain, adibidez, hil zen lagun batentzako kantu bat  idazten nabil. Asmatutako amodiozko  istorioak ere idazten ditut, eta naturari buruz ere bai, asko.

 

Musika talde batean ere bazabiltza.

Sanfaustoetan jo genuen, eta zapatu honetan Berrizko gaztetxean joko dugu. Rock punk amerikano talde bat da, Farewell. Agurra, despedida esan gura du. Oso gustura nabil horretan ere.

 

Bakarkakoan, maketa grabatzekotan zaude.

Bai, eta izen artistiko bat ere badaukat! (barreak) Heather Deen. Maketan laguntzen dabilen lagunak esan zidan Idoia Bediaga izena ez zela hain ondo geldituko nire estiloko abestiekin, eta izen artistikoa ipintzea gomendatu zidan. Abestiak amaitzen nabil, gero grabatzeko.

 

Zer musika talde jarraitzen duzu?

Popa entzuten dut, dena ingelesez. Asko gustatzen zait Lady Gaga, baina nire abestiak ez dira bere estilokoak, Indie -agoak dira agian. Amy Winehouse ere asko gustatzen zait, Russian Red ere bai... Abestiak idazteko asko inspiratzen naiz euren abestietan.

 

Askok diote musika terapia dela.

Bai, eta niretzako bada. Ikasten nabilenean, adibidez, nekatzen naizenean, gitarra hartu eta nire munduan sartzen naiz.

 

Abesteko gogo bako egunak ere edukiko dituzu...

Pentsatzen jarrita, uste dut ez dudala pasatu nire bizitzan egun bat kantatu barik. Estrofa bat, zati bat bada ere... Egunero kantatzen dut. Gurean oso ohituta daude egunero ni kantatzen entzutera.

 

Musika arloko zerbait ikasi gura duzu?

Arte Ederrak ikasi gura dut, mundu hori asko gustatzen zait. Musikan, ondo abesten dut, baina solfeoan ez naiz batere ona. Pentagrama bat ikustean estutu egiten naiz. Belarriz aritzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!