Goma gaineko lauko txapelketan 320 kilora arteko finala jokatuko dute Abadiño Ak eta Bk zapatuan Zelaietako probalekuan.
Urtero legez, sokatirako egutegiak lauko txapelketekin ekin dio denboraldiari. Zapatuan, 17:00etan, 320 kilora arteko finala jokatuko dute sei taldek Zelaietako probalekuan. Tartean Abadiño A eta Abadiño B daude. Hauek dira gainerako lau taldeak: Ibarra A eta B (Gipuzkoa), Sokarri (Bizkaia, Arrigorriaga) eta Ñapurrak (Lapurdi, Ezpeleta).
Abadiñok bi taldeetako batekin txapela janztea du helburu Edu Mendizabal entrenatzailearen arabera. Sailkapen fasean Abadiño A bigarren geratu zen bere multzoan Sokarriren atzetik. Beste multzoan Abadiño B lehenengo tokian sailkatu zen Ibarra B eta Ñapurrak taldeen aurretik.
Aurtengo denboraldiari aurre egiteko 20 laguneko taldea osatu dute. Aurreko urteetako tiralari gehienek aurten ere jarraitzea erabaki dute eta hori da egon zitekeen albisterik onena Abadiño sokatira taldearentzat. Durangar gazte bi ere batu zaizkie taldera denboraldi hasiera honetan.
Zapatuko finalaren ondoren, lauko txapelketa bat faltako da: 300 kilora artekoa. Ondoren, urtarriletik aurrera, zortziko txapelketei ekingo diete.