Antzezlanak, solasaldia eta jaia Bizkaiko antzerkiaren bilgunean

Anboto 2012ko aza. 9a, 09:01
Abadiñon egingo dute aurten, Bizkaiko Antzerki Hamabostaldia. Bihar hasi eta jai batekin amaituko da

Abadiñon egingo dute aurten, Bizkaiko Antzerki Hamabostaldia. Bihar hasi eta jai batekin amaituko da.

 

Amares Arte Eszenikoen lagunen elkarteak antolatu du, Bizkaiko Antzerki Hamabostaldiaren hirugarren edizioa. Abadiñon izango dira, aurten, jaialdiko ekimenak.

 

Bihar hasiko da hamabostaldia, eta hainbat ekitaldi izango dira azaroaren 25era arte. Hasteko, Abuelita de Batman eskainiko du Banarte antzerki taldeak, bihar, Errotan. Hain zuzen, talde horren proposamena izan zen hamabostaldia Abadiñon egitea.

 


EGITARAUA

  • Azaroaren 10ean, 20:00etan
    Abuelita de Batman, Errotan
  • Azaroaren 17an, 20:00etan
    La puerta estrecha, Errotan
  • Azaroaren 18an, 18:00etan
    Sutondoan, Errotan
  • Azaroaren  22an, 19:00etan
    Fabricas de creación-Innkultura, nuevas formas de trabajar en la cultura, Errotan
  • Azaroaren 25ean, 11:30-14:30
    Antzerki festa, Zelaietako probalekuan

Bestalde, sorkuntza fabrikei buruzko solasaldia gidatuko du, hamabostaldiaren barruan, Rafa Herce Banarteko  kideak.

 

Beste ikuskizun batzuk ere izango dira Abadiñoko hamabostaldian. Esaterako, Pintoko (Madril) antzerki tailerrak  La puerta estrecha eskainiko du helduentzat, eta Bilboko A Teatral konpainiak Sutondoan  umeentzat. 

 

Antzerki jai batekin emango dute jaialdia amaitutzat. Zelaietako probalekuan egingo dute jai hori. Umeei zuzenduriko proposamena da antzerki jaia, eta arte eszenikoak 8-12 urte bitarteko umeei gerturatzeko antolatu dute. Tailer hau hamabostaldiko “harri bitxia” da antolatzaileen berbetan.

 

Errota kultur etxean eskaini zuen Banartek Abuelita de Batman lehenengoz, duela urte eta erdi. Bizkaiko Antzerki Hamabostaldia zabalduko du Abuelita de Batman-ek, bihar. 

 

\"\"
"Jendeari sorkuntza fabriken eredua erakutsi gura diogu solasaldian"

 

Banarte taldeko kidea eta aktorea da Rafa Herce. Azaroaren 22ko solasaldia gidatuko du

 

Zelan pentsatu duzu azaroaren 22ko solasaldia planteatzea?

Kulturari buruzko ideia berriak Durangaldera ekartzeko asmoz antolatu dugu solasaldia. Interesantea da kulturaren inguruko gogoeta eta mugimendua Durangaldean ere sustatzea. Jendeari sorkuntza fabriken eredua erakutsi gura diogu solasaldian: autogestioaren bidetik beste leku batzuetan izan dituzten esperientziak. Kulturak herrikoia izan behar du, gure ustez. Gernikako Astra da horren adibide: erabilerarik ez daukan eraikin industrial bat hainbat arte adierazpen sortzeko gune bilakatu dute. Artista hasiberriak, profesionalak... denak elkartzen dira espazio horretan.

 

Posible al da Astra bezalako leku bat sortzea Durangaldean?

Falta badaukagu, eta erraztasunak ere bai. Erabilpenik bako hainbat fabrika dauzkagu, eta oso aberasgarria litzateke horrelako espazioren bat edukitzea.  Egitura  tradizionala berreskuratzea dakarte leku horiek: udaletako  kultur programatzaileek gidaturikoa barik, herritik sortutakoa izatea kultura.

 

Azkenaldian lanez lepo zabiltzate Banartekideok.

Bai, biharko emanaldia prestatzen dihardugu,  batetik. Diziplina askoko antzerki ikastaroa eta antzerki tailerra ere ipini ditugu  martxan. Bakarrizketen saioa daukagu, Gernikan, gaur... Oso lanpetuta gabiltza, bai... Hasiberrientzako tailerra bosgarren aldiz antolatu dugu, eta hirugarren urtea da diziplina askoko ikastaroa egiten diharduguna. Sardo Irisarrik da aurten, ikastaro horren gidaria.
 

Antzezlan berriren bat prestatzen zabiltzate Banarten?

Bai. Gertaera historiko batean oinarrituriko antzezlana prestatzen dihardugu. Gernika Zaharra taldeak industrializazioari buruz egindako lan bat oinarri hartuta, Gernikako industrializazio hasieran zer gertatu zen kontatu gura dugu.

 

Zer gertatu zen?

Eibarko Astra enpresa langile eta guzti lekualdatu zuten Gernikara, eta talka kultural inportantea gertatu zen. Nekazaritza ingurua zen Gernika, tradizionalista, eta langile mugimendutik zetozen eibartarrak. Greba egin zuten langileek, eta azkenean, enpresa berriro Eibarrera bueltatu zen. Udaberrian estreinatu gura dugu lan berri hori.

 

Genero berritzailea da zuentzat?

Desberdina da, bai. Jendeari gehien gustatzen zaion antzerkia komedia da: jendea barre egitera joaten  da antzokietara, hori da “salgarria”. Hau ez da komedia bat izango, ezta tragedia ere, baina galdutzat jo ditugun ideia eta balioak zabaldu gura ditugu: langile mugimenduarenak. Oso antzezlan naturalista da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!