Arazo teknikoek Europako txapelketa barik utzi dute Urien

Anboto 2012ko aza. 5a, 13:00
Igor Urien abadiñarrak hirugarren postua lortu du Europako Radical Master txapelketan. Asteburuan, Kataluniako Montmello zirkuitoan izandako azken lasterketetan erabaki zen txapelketa eta gazte abadiñarrak ez zuen garaipena lortu, autoak sortutako arazo teknikoengatik

Igor Urien abadiñarrak hirugarren postua lortu du Europako Radical Master txapelketan. Asteburuan, Kataluniako Montmello zirkuitoan izandako azken lasterketetan erabaki zen txapelketa eta gazte abadiñarrak ez zuen garaipena lortu, autoak sortutako arazo teknikoengatik.

 

Asteburu honetan, FIA Radical Masters Euroseries denboraldiko azken lasterketak burutu ziren. Zapatuko lasterketan Urienek bigarren postua lortu zuen, lasterketa azkarra egin ostean. Horrek ,domekako lasterketara begira egoera onean kokatzen zuen eta garaipenaren atarian. Baina domekan ez zuen esperotako lasterketa egin. Urienen Radical SR8-ak  ez zuen lehendabiziko martxa sartzen boxean bertan eta lehenengo postua defendatzeko aukera gabe gelditu zen. Ez da lehendabiziko aldia Speed Factory Racing taldeko autoak arazoak ematen dizkiona Urieni. Abuztuan, Austrian burututako lasterketa baten ere arazo teknikoak izan zituen eta horrek garaipenetik aldendu zuen.

 

Txapelketa guztian zehar, lehenengo postuetan kokatu da Igor Urien. Oso maila ona erakutsi du nahiz eta txapelketa honetan aritzen den lehenengo aldia den. Iaz, Prototipoen Espainiako Opena irabazi zuen eta nazioartean lehenengoz lehiatu da aurten. Podiumeko hirugarren postua egokitu zaio Urieni denboraldiaren amaieran eta emaitzarekin gustora ez dagoela adierazi du. “Urtea horrela bukatzea ez da atsegina, batez ere garaipena eskuratzeko hain hurbil egonda”, esan du gazte abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!