Bi podium lortu ditu Murgoitiok asteburuan

Anboto 2012ko aza. 5a, 13:00
Asteburuan, ziklokros modalitateko lasterketa bi burutu ziren eta Egoitz Murgoitio abadiñarrak podiumera igotzea lortu zuen bietan elite mailan. Zapatuan Laudion bigarren postua lortu zuen, Aitor Hernandez ermuarraren ostetik, eta atzo garaile izan zen Muskizen. Lasterketa biak Superprestigio txapelketarako puntuagarriak ziren

Asteburuan, ziklokros modalitateko lasterketa bi burutu ziren eta Egoitz Murgoitio abadiñarrak podiumera igotzea lortu zuen bietan elite mailan. Zapatuan Laudion bigarren postua lortu zuen, Aitor Hernandez ermuarraren ostetik, eta atzo garaile izan zen Muskizen. Lasterketa biak Superprestigio txapelketarako puntuagarriak ziren.

 

Zapatuan Laudion izandako ziklo-kros lasterketan Aitor Hernandez ermuarra izan zen garaile, 1.01.26ko denborarekin. Orbea taldeko txirrindulariak Egoitz Murgoitio (Hirumet taldea) abadiñarra azken aurreko itzulian aurreratu zuen. Ordura arte protagonista nagusia eta lasterketa burua izan baitzen abadiñarra. Azkenean irabazlearengandik 13 segundura geratu zen Murgotio.

 

Zirkuitoak, lasterketa aurrera joan ahala, maila altuagoa eskatzen zuen eta euriak ere txirrindularien lana zaildu zuen. Beste edizio batzuetakoa baino luzeagoa eta gogorragoa izan zen aurtengo Ellakuriako landetako ibilbidea. Ondorioz, nazio mailako zirkuito zorrotzenetariko bat bilakatu da.

 

Atzo Muskizen, Superprestigio txapelketako hirugarren lasterketa puntuagarria burutu zen. Muskizko udalaren trofeoaren bostgarren edizioa izan zen eta Murgoitio abadiñarrak eskuratu zuen txapela, 1.00.51ko denborarekin. Honen atzetik, Isaac Suarez, egungo Espainiako txapelduna eta Orbea taldeko Aitor Hernandez ermuarra sailkatu ziren hurrenez hurren. Javier Ruiz de Larrinagak aldiz lasterketa utzi behar izan zuen. Bukatzeko bi itzuli falta zitzaizkionean erori egin zen eta belaunean min hartu zuen.

 

23 urte azpiko mailan, Hirumet taldeko Jonathan Lastrak garaipena lortu zuen Laudion eta Muskizen. Ziklo-kros modalitateko hurrengo proba domeka honetan izango da Elorrion.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!