Urien Europako txapeldun izan daiteke Montmellon

Anboto 2012ko aza. 2a, 08:53

Europako Radical Master txapelketako azken lasterketan ariko da; liderrarengandik bost puntura baino ez dago pilotu abadiñarra

Europako Radical Master txapelketako azken lasterketan ariko da; liderrarengandik bost puntura baino ez dago pilotu abadiñarra.

 

Europako Radical Master txapelketan parte hartzen duen lehenengo aldian txapeldun izateko aukerak ditu Igor Urien pilotu abadiñarrak. Radical SR8 autoak buruhauste tekniko bat baino gehiago eman dio denboraldian zehar, baina hala ere, asteburuan Kataluniako Montmello zirkuituan jokatuko den azkenengo lasterketara irabazle lehiarako bizi-bizirik heldu da.

 

Terrence Woodward eta Ross Kaiser dira sailkapeneko liderrak, 119na puntugaz. Igor Urien hirugarren dago, 114 puntugaz. Laugarren sailkatua urrun daukate, beraz hiru lehenengoen artean dago txapela.

 

Montmellon lasterketa bana jokatuko dituzte zapatuan eta domekan. Lasterketa bakoitzeko irabazleak 20 puntu batuko ditu; bigarrenak 15 eta hirugarrenak 11. Beraz, Urienek badaki bere arerio bien aurretik amaitzen badu berea dela txapelketa. Sailkapena hain estu dagoenez, beste konbinazio batzuk ere balekoak izan ahal dira. Gainera, kontuan hartu behar da pole postua eta lasterketako itzuli azkarra lortzen dituenak puntu extra bana jasoko dituela.

 

Orain arteko zirkuituetan sekula aritu gabea zen Urien. Montmellokoa, ordea, ondo ezagutzen du. Horrek dezente errazten dio aurre lana. Baliteke asteburuan euria egitea, baina Urieni ez dio ardura. Aurkariek auto hobea dutenez, euriak abantaila teknologikoak berdindu egiten dituela dio. Bere Radical SR8ari konponketak egin dizkiote eta lasterketa biak amaitzeko moduan dela uste dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!