Hirumet Taldeko Egoitz Murgoitiok 15. postua lortu du Munduko Kopako bigarren proba puntuagarrian asteburu honetan. Gran Prix Skoda lasterketa, Txekiar Errepublikako Plzen herrian jokatu zen eta maila oso ona erakutsi zuen abadiñoko ziklo-kros modalitateko txirrindulariak.
Lasai hasi zuen lasterketa Murgoitio abadiñarrak, erorketa bat ekiditeko asmoz, iaz lehendabiziko bihurgunean erori zen eta. Lasterketa aurrera joan ahala, erritmoa bizkortu zuen eta lasterketa buruarekin distantziak laburtuz joan zen. Lehenengo hamarren artean sailkatzeko aukera izan zuen baina lasterketaren azken zatian gurpila bi aldiz zulatu zitzaion eta horren ondorioz 15. postuan amaitu zuen. Hotzak, elurrak eta lokatzak zelaia neketsua bilakatu zuten, Hirumet Taldeko txirrindularien mesederako.
Abadiñoko txirrindulariak mailarik onena erakutsi zuen Munduko Kopako bigarren lasterketa honetan. Duela urte bi ere, txapelketa honetako Igorren jokatu zen lasterketan maila oso ona eman zuen eta 11. sailkatu zen orduan.
Emaitza hobea lortu zezakeela adierazi zuen Murgoitiok eta horrek denboraldiari begira animatu egiten duela, orain arte lortutako emaitzak ez baitira oso onak izan. “Pozik nago, baina lehenengo hamar sailkatuen artean egon nintekeen” esan zuen Murgoitiok. Pixkanaka, egindako lana fruituak ematen ari dela adierazi zuen eta horrek aurrera begira indarrak ematen dizkiola, oraindik egiteko asko du eta.
Murgoitioren hurrengo lasterketak Euskal Autonomi Erkidegoan izango dira. Datorren asteburuan Superprestigio txapelketako lidertza defendatu beharko du, Laudion zapatuan eta Muskizen domekan.