Asteburuan jokatu ziren Tornosolo Kopako lehenengo partiduak. Abadiñoko Trinketean jokatzen den buruz buruko txapelketak, Lehen Mailako Nagusien kategoriako durangaldeko pilotari onenak eta Ipar Euskal Herriko pilotari handiak batuko ditu aurten. Lehendabiziko partiduan Asier Aspuru abadiñarrak final zortzirenetarako sailkatzea lortu zuen.
Barikuan jokatu ziren txapelketako estraineko partiduak eta bizkaitar biren arteko lehia ikusteko aukera egon zen, Lier Gandiagak eta Asier Aspuruk indarrak neurtu baitzituzten. Aspuru abadiñarrak maila oso ona erakutsi zuen eta 40-22 garaitu zuen Lekeitioko pilotaria.
Inhar Ugarte algortarra eta Migeltxo Lopez de Eguilaz arabarraren arteko norgehiagoka ere jokatu zen. Bizkaitarra izan zen nagusi eta 40-27 garaitu zuen Lopez de Eguilaz.
Aspuru eta Ugarte irabazleak final zortzirenetarako sailkatu dira eta hurrengo partidua azaroaren 9an, 19:00etan jokatuko dute. Final zortzirenetan durangaldeko pilotariak dira nagusi, Asier Aspuru abadiñarrak Mikel Gonzalez berriztarraren aurka jokatuko du. Inhar Ugarte algortarrak aldiz Ander Antxia abadiñarra izango du aurkari. Rober Uriarte abadiñarra berriz, final zortzirenetan estreinatuko da Tornosolo Kopan eta oraindik bere aurkaria zein izango den ez da erabaki. Ostiralean, Rafaelen eta Gordonen arteko partiduko irabazleari egin beharko dio aurre Uriartek.
Ipar Euskal Herriko pilotariek final laurdenetan ekingo diote txapelketari. Bonetbelche, Lambert eta Jeannots dira Tornosolon arituko diren pilotariak eta maila goreneko ikuskizuna emango dute, seguru.