Mallorkan jokatutako pistako Espainiako txapelketan bost domina irabazi dituzte.
Cespa Euskadi taldeagaz pistako Espainiako Txapelketan parte hartu dute Illart Zuazubizkar (Abadiño, 22 urte) eta Iban Leanizbarrutiak (Berriz, 24 urte). Bien artean bost domina jantzi dituzte.
Biak ala biek ez zuten espero halako emaitza onik lortzerik. Mallorkako Palma Arena belodromoan jokatutako txapelketan (Herrialde Katalanak), Zuazubizkarrek urrezko domina jantzi zuen 23 urtez azpiko jarraipen proban (erlojupekoa) eta brontzezkoa eliteetan. Domina bi horiei taldekako brontzezkoa gehitu behar zaie, Leanizbarrutiarekin eta gainerako taldekideekin batera lortutakoa. Hiru domina horiek dira abadiñarrak Espainiako txapelketa batean lortzen dituen aurrenekoak: “Orain arte beti atarian geratu izan nahiz: laugarren, bosgarren… Pozgarria da lehen dominak irabaztea”.
Zuazubizkar Orbea taldeagaz ibili da errepidean. Aurten izan du estreinako denboraldia Euskadi Fundazioaren taldean. Datorren denboraldian ere talde berean jarraituko du eta errepidean eta belodromoan, bietan aritzeko asmoa du.
Denboraldi osoan, errepidean zein pistan, bere mailatik behera ibili ostean, Leanizbarrutiak unerik aproposenean eman du bere onena. Scratch modalitatean lortutako zilarra ez zuela espero aitortu du. Eta zilar hori urrea ere izan zitekeen epaileek beste modu batera jokatu izan balute. Esprinta abiatzen zebiltzala, irabazleak pistaren barrualdeko marra urdina zapalduz aurreratu zuen txirrindulari bat, beste denek kanpoaldetik aurreratzen zuten bitartean. Epaileek ez zuten zigortu, erorikoa eragozteko maniobra bat izan zela argudiatuz.