Radical Masterreko azken aurreko proban arazo asko izan ditu gidari abadiñarrak.
Doningtoneko zirkuituan jokatutako lasterketa amesgaizto bihurtu zen Igor Urien pilotuarentzat. Europako Radical Master txapelketako azken aurreko probara sailkapen nagusian lehiatzeko aukerekin heldu zen abadiñarra, baina bata bestearen atzetik etorri zitzaizkion arazo mekanikoen ondorioz, ezin izan zuen bererik eman.
Lehenengo lasterketan, 19. postutik bigarrenera pasatu zen, eta zer eman zezakeen garbi erakutsi zuen. Baina autoari balazta hondatu zitzaion eta erretiratu egin zen. Bigarren lasterketan abiadura-aldagailuan arazoak izan zituen eta ezin izan zuen bederatzigarren postutik harago joan.
Urienen esanetan, “etsigarria da hainbeste arazo mekaniko izatea. Egia esanda, une batean ere ez naiz autoagaz gustura sentitu. Aukera ona galdu dut txapelketaren borrokan jarraitzeko”. Txapelketako azken proba Katalunian izango da, azaroaren 2an.