Egoitz Murgoitio abadiñarra garaile izan zen “Superprestigio nacional” txapelketaren lehendabiziko lasterketan. Hirumet taldeko txirrindulariak 58 minutu eta 36 segunduko denpora betetzea lortu zuen Asturiasgo San Antolin de Ibias herrian. Ondorioz, lehiaketako buru bilakatu da
Lehenengo froga honetako ibilbidea sikua eta bihurgune askokoa zela esan zuen Murgoitiok, baina amaiera arte bere indarrak neurriz erabili zituen. Isaac Suárez txirrindularia hasieratik aldea atera nahian ibili zen baina malda gogorreko tarte baten abadiñarrak aurreratu egin zuen, hirugarren bueltan. Ordutik aurrera bien arteko aldea nabaria izan zen.
Bizkarreko minei dagokienez, Murgoitiok adierazi zuen ondo sentitu zela. Fisioterapeutaren laguntzari esker eta bizikletan egin zituen moldaketa txikiek ere onurak ekarri zizkioten. Minetatik errekuperatuta dagoenez, datorren astean Belgikara joango da Munduko Koparako prestaketarekin jarraitzeko asmoz. Urriaren erdialdean hasten baita txapelketa hau Txekiar Errepublikan.
Ziklo-kroseko sei lasterketaz osaturiko lehiaketa da “Superprestigio nacional” eta hurrengo froga azaroaren hiruan jokatuko da Laudion, Araban.