Astebete joan da txirrindularitza utzi duela iragarri zuenetik. Eneritz Iturriagak (32 urte, Abadiño) dagoeneko aldaketa igarri duela dio: “Presioa gainetik kentzeak bizia ematen dizu, ez dakizu zer punturaino”.
Zeintzuk izan dira txirrindularitza uzteko arrazoi nagusiak?
Italian ia hamar urte eman eta lesio baten ostean etorri nintzen Euskal Herrira. Hemen taldeek lasterketa gutxi korritzen dituzte eta mailari eusteko urte osoan aritu beharra dago lehian. Banekien hori horrela zela, baina ez nuen berirro kanpora joateko gogorik. Gainera, nire ibilbidean lesio asko izan ditut, askotan pasatu naiz kirofanotik. Heltzen da une bat psikologikoki nekatuta zaudela sakrifizio gehiagorako. Alderdi ekonomikoari baino beste gauza batzuei ematen diezu garrantzia. Orduan erabaki nuen txirrindularitza uzteko sasoia heldu zela.
Astebetean sumatu duzu bizimodu aldaketa?
Pila bat. Gainetik 30 kilo kendu banitu lez sentitzen naiz txirrindularitza utzita. Presioa kentzeak bizia ematen dizu ez dakizu zer punturaino. Aurpegi-espresioa ere aldatu egiten da. Kirolariok oso zorrotzak gara geure buruagaz. Horri kanpotik datorren presioa gehitzen badiozu… Pisu hori gainetik kentzea nahi nuen.
San Fausto jaiak beste modu batera bizitzeko aukera izango duzu?
Sanfaustoak gure opor sasoian izaten dira, baina egia da jaiak ikusteko modua aldatu egiten dela. Beste gauza bat da. Lehen zeozer edan eta buruari bueltaka hasten zinen. “Bihar izerdia botatzera irten beharko dut”, pentsatzen duzu. Orain lasaitasun osoz irten ahal dut, ardura barik.
Txirrindularitza profesionaletik zer sentituko duzu faltan?
Urte hauetan guztietan txirrindularitzan egin ditudan lagunak ikustea, esaterako. Bidaiatzearen falta ere igarriko dut. Geratu barik hara eta hona gabiltzala kexatzen gara sarritan, baina gero etxean geldi zaudenean… Ez dakit, sentsazio berria da. Bestalde, orain arte nire bizitza helburuen inguruan mugitu da. Beti nuen bete beharreko helbururen bat, eta prestakuntza horietara bideraturik zegoen. Horren falta ere edukiko dut. Hemendik aurrera ere izango ditut helburuak, baina beste maila batean.
Tira, lesioen penarik behintzat ez duzu edukiko.
Hori seguru, duda barik. Lehiaketa edo txapelketaren penarik ere ez.
Txirrindularitzari loturik jarraitzea gustatuko litzaizukeela esan duzu. Pistarik eman zenezake?
Modu batera edo bestera txirrindularitzan bidea egin gura duten neska gazteei lagundu nahi nieke, nik jaso ez nuen laguntza jaso dezaten. Hogei urtegaz kanpora joan behar izan nuen, hemen ez zegoelako aukerarik. Nire ibilbidea zangotrabaz beteta egon da, baina azkenean gura nuena lortu dut. Burugogorra izan naiz horretan. Gazteei aukerak sortzen lan egitea gustatuko litzaidake.
Izan duzu eskaintzarik?
Bai, aukera bat baino gehiago ditut. Egia esan, ez nuen horrelakorik espero. Pozgarria da jendeak zure laguntza eskatzen duela sentitzea. Dena dela, abendura arte ez dut erabaki konkreturik hartuko.
Emakumezkoen txirrindularitzaren etorkizuna zelan ikusten duzu?
Ikuspegi ezkorra dut. Begira, orain hamar urte joan nintzen Italiara; bueltatu naiz eta dena berdin dago. Atera kontuak. Italian txirrindulari legez hazi egiten zara eta, lehenengo pedalkadak eman zenituen lekura bueltatzean, hemen zer dagoen ikusi eta pentsatzen duzu: “Italiaren egoeratik argi-urteetara gaude hemen”. Ez dago talde indartsurik, diru askorik ere ez eta, dirurik sartzen ez bada, etorkizun ilun ikusten dut.
Zelan eman ahal zaio buelta egoerari?
Erakundeek diru-laguntzak ematen dituzte, baina gaur egun emakumeen txirrindularitza ez da inbertsio gune. Hedabideek ere lagundu behar dute. Joan zen astean, zur eta lur geratu nintzen nire prentsaurrekoan. Irabazi ditudan lasterketa denek baino oihartzun handiagoa izan zuen prentsaurreko hark. Horrek zer pentsatua eman behar luke.
Harrobirik badago?
Harrobia badago, baina laguntza behar dute. Zaindu egin behar dira eta konfiantza eman. Gazteen mailetatik txirrindulari onak datoz. Nagusietarako pausua ematen duten uneak dira gatxenak eta orduan behar dute laguntza.