Euskaldun Torneoa irabazi berritan Borja Abasolok (Abadiño, 23 urte) itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: “Garaipen honek profesionaletarako atea irekitzea espero dut”. Hala ere, txirrindularitzaren gaur egungo egoera zein den kontuan hartuta, badaki pausu hori ematea gatxa dela: “Arkaitz Duran taldekideak 20 etapatik gora irabazi ditu eta oraindik ez du eskaintzarik. Badakit zaila dela”.
Profesionaletara igotzeko biderik logikoenak Euskaltel Fundazioarena dirudi: “Euskadiko txirrindulari gazterik onenak batzen saiatzen dira. 2006tik hona Euskaldun Torneoa irabazi duen lehenengo euskalduna izan naizela baloratuko dutela espero dut eta bide horretatik aukeraren bat sortuko dela”. Eta aukerarik sortuko ez balitz?: “Azysa taldeagaz oso pozik ibili naiz eta eurak ere pozik daude nirekin. Hala ere, orain pentsatu nahi dut profesionaletara pasatzeko aukera izango dudala. Ez bada etortzen ikusiko dut zer egin; txirrindularitza utzi, Azysagaz jarraitu…”.
Otsailean hasi eta irailean amaitu den Euskaldun Torneoa 21 etapak osatu dute. Bigarren lasterketan jantzi zuen liderraren maillota eta harrezkero ez du erantzi. Horrek lasterketei aurre egiteko modua baldintzatu diola adierazi du Abasolok: “Aurkariak kontrolaturik izan naute, ni zaintzen aritu dira. Gainera, bazekiten torneoa lehiatzeko puntu bila nenbilela eta lasterketetako erantzukizuna nire utzi didate. Neu ere arerioak hurretik zaintzen saiatu naiz”. Lasterketa bi kenduta beste denetan batu du punturen bat Abasolok. Horietako hirutan bigarren amaitzea lortu du.
Kontuan hartzeko moduko palmaresa du Abasolok. Euskaldun Torneoa irabazteaz gainera, hiru urtez segidan Bizkaiko txapeldun geratu da eta aurten Espainiako Koparako puntuagarria zen Balentziagaren Oroimenezko lasterketan (Eibar) hirugarren amaitu du.