Hamahiru urtera arteko duatloia antolatu du Laubideta triatloi taldeak, domekarako.
Abadiñoko Laubideta Triatloi Taldeak hamahiru urtera arteko Duatloi Txikia antolatuko du domekan, Muntsaratzen. Aurten hirugarren aldia izango du. Iaz ia berrehun gaztetxok parte hartu zuten ekimenean.
Lasterketarako izen-ematea (euro bat) 10:00etatik 11:00etara izango da Muntsaratzeko aterpean. Gaztetxoak taldeetan banatuko dituzte adin tarteen arabera eta lehenengoak, bost urtera artekoak, 11:30ean irtengo dira. Auzoan zehar antolatutako ibilbidean ibiliko dira korrika lehenengo, eta bizikletan gero.
Duatloi Txikian parte hartzen duten gaztetxo guztiei jan-edana eta erregaluak emango dizkiete lasterketa amaitzen dutenean.