Zer prestatu duzue Muntsarazko gaurko kontzerturako?
Xabi: Egunotan prestatu dugu kontzerturako kanta zerrenda. Bertsio berri bi joko ditugu, esaterako, gaurko kontzertuan.
Bertsioak ez ezik, zuen sorkuntzak ere joko dituzue?
Martin: Bai. Geuk sorturiko lau-bost kanta ere badauzkagu prest.
Paul: Askotariko doinuak eskaintzen ditugu, ez daukagu estilo zehatz bat. Punk-rocka gustatzen zaigu, esaterako, baina akustikoan ere jotzen ditugu kanta batzuk.
Igor: Udako kontzertuen ostean gure kantak sortzen indar gehiago egitea da gure asmoa.
Zelan banatzen duzue kantak sortzeko lana?
Martin: Normalean gitarragaz egindako melodia ekartzen du Paulek lokalera, gero Igorrek Eñaut bere anaia bertsolariaren laguntzagaz egiten du letra, eta denon artean uztartzen ditugu.
Orain bi urte hasi zinetenetik zertan aldatu da taldea?
Paul: Hasieran beldurtuta moduan egoten ginen kontzertuetan. Asko nabari da orain lasaiago egoten garela. Gehiago disfrutatzen dugu.
Hasieratik ibili zarete bostok Zarraparra taldean?
Igor: Lau hasi ginen orain bi urte inguru: Martxel baxuagaz, Paul gitarra eta koroetan, Martin baterian, eta ni gitarra eta koroetan. Hasi eta tarte batera ikusi genuen abeslaria behar genuela, eta orduan sartu zen Xabi taldera.
Zergatik erabaki zenuten taldean abeslaria sartzea?
Martxel: Abadiñon eman genuen lehenengo kontzertuan beste lagun bategaz igo zen Xabi kantatzera. Asko gustatu zitzaigun, eta gurekin aritzea proposatu genion.
Muntsarazko lokalera ailegatu aurretik beste nonbait entseatu izan duzue.
Xabi: Bai, hasieran Iditu Records-en Durangoko lokaletan egiten genituen entseguak.
Igor: Lan asko egin ostean lortu dugu lokala: eskaera eta dei asko egin behar izan ditugu.
Beste talde batzuekin konpartitzen duzue lokala.
Martin: Hiru-lau talderekin konpartitzen dugu lokala, bai: Ymotek eta Kruders-ekin.
Paul: Oso harreman ona daukagu Kruders taldekoekin. Asko lagundu gintuzten hasieran, euren ekipoa utzi izan digute, eta lagun handiak ditugu.
Etorkizunerako zer ideia darabilzue buruan?
Igor: Gure kantak maketa lehiaketaren batera aurkezteko aukera suertatuko balitz aprobetxatu gura genuke, baina oso kontziente gara zaila dela. Gero eta laguntza gutxiago dago talde gazteei diskoa grabatzen laguntzeko.
Martin: Kontzertuetan diru apur bat batuko bagenu diskorako aurrezten joatea da asmoa.
Gura beste kontzertu eskaintzeko aukera izan duzue?
Paul: Bai, batez ere udan nahikoa aukera edukitzen dugu. Mañarian eta Gernikan jo dugu.
Zeozer gehitzerik nahi?
Xabi: Besarkada handi bat bidali gura diegu inguruan izan ditugun lagunei, Kruders taldekoei, eta beti hor dauden familiakoei.