Igor Urien pilotu abadiñarrak Europako Radical Masters txapelketako laugarren proba emaitza ezinhobea lortu du. Frantziako Paul Ricard zirkuituan egindako bi lasterketetan lehenengo postu lortu zuen. Txapelketa horretan parte hartzen duen lehenengo urtea izan da.
Paul Ricard zirkuituko lasterketa denboraldiko laugarrena izan da eta beste hiru geratuko zaizkio txapelketa amaitzeko. Aurreko lasterketan, Herbehereetan, bigarren amaitu zuen, baina Urienen helburua “ikasten eta esperientzia pilatzen” jarraitzea da.
Urienen berbetan, "garaipena erraza izan dela iruditu arren, asko landutako garaipen bi izan dira. Aurretiazko inolako esperientziarik gabe heldu gara hona eta horrek dena zaildu du". Autoan egindako doitze lanagatik zoriondu du talde osoa Urienek: "International F3 Open-a ere egon den meeting honetan garaipen bi hauek lortzeak baliteke ateren bat zabaltzea datorren urteari begira. Orain, beti bezala gogor lan egiten jarraitu beharra dugu".
Ez zuen oso ondo abiatu asteburua Urienek. Bere Radical SR8 autoaren engranaje-kaxan izandako arazoengatik entrenamenduzko lehenengo lasterketak ezin izan zituen egin abadiñarrak. Hala ere, kalifikazio saioan bigarren geratzea lortu zuen, lehenengora igoaz. Lehenengo lasterketan erritmoa mantentzen jakin zuen abadiñarrak, lehenengo postua sendotuz. Paul Ricard-en bigarren lasterketa ezinhobea egin zuen Urienek.