Ander Antxia eta Rober Uriarte abadiñarrek jokatuko dute uztailaren 20an buruz buruzko trinkete txapelketa elite mailan.
Lehenengo finalerdian Frontis pilota enpresan ibilitako pilotari bik jokatu zuten: Ander Antxiak eta Mikel Rafaelek. Partiduko azken txanpara arte oreka izan zen nagusi (31-31). Ordutik aurrera, Antxia ia zuzenean joan zen 40ra. Pilota sarean sartzen eta teilatuan luze ipintzen asmatu zuen (40-32).
Bigarren finalerdia Rober Uriarte eta Gonzalezen artekoa izan zen. Gonzalezek alde nabarmena hartu zuen partiduko lehenengo erdian (23-12 / 25-18). Orduan, berriztarrak orkatila bihurritu zuen. Partiduan jarraitu zuen, baina bererik eman ezinda. Haizea alde zuela Uriartek markagailuari buelta ematea lortu zuen (40-31).
Finala uztailaren 20ko barikuan jokatuko dute Abadiñoko Tornosolo trinketean. Aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte Mikel Rafaelek eta Mikel Gonzalezek.