‘2d1’ proiektuan batu ziren orain urtebete Peru Magdalena eta Gotzon Garaizabal; artista multidiziplinarrak dira biak, eta biek baliatzen dute pintura sormenerako. Erakusketa ipini dute di-da komunikazio enpresan.
Zelan sortu da zuen elkarlana?
Peru Magdalena: Orain zazpi urte irakurketak, bertsoak eta margolana zuzenean eskaintzen genituen ikuskizuna sortu genuen elkarrekin. Ordutik, hainbat proiektutan jardun dugu.
Gotzon Garaizabal: Horrela hasi ginen, ia konturatu barik, performance-aren munduan sartzen, unean uneko ekitaldi artistikoak eskaintzen. Bakoitzak lantzen dituen diziplinetatik, elkarrekin lan egiten hasi ginen, eta berbek eta argazkiek esaten ez dutena eremu libre modura hasi ginen ulertzen. Luzaroan jardun dugu horrelako ikuskizunak egiten, eta duela urtebete erabaki genuen bide berri hau zabaltzea. Hortik dator 2d1 izena: bik bat egitetik.
Noiz egindakoak dira lanak?
G.G.: Azken urteko lanak dira denak, egin ditugun guztien parte bat. Horregatik, erakusketa hau ez da kontzeptuala, gehiago da urtebeteko lanaren erretrospektiba, urte oso intentso baten atzerabegirakoa. Baserri batean hasi ginen elkarrekin margotzen, eta energia itzela sortu zen han, baina baldintza fisikoak kaskarrak zirelako, handik joan eta beste lokal bat hartu genuen... Bide baten hasiera izan da aurtengoa.
Margogintza bakarkako lanagaz lotzen da sarri. Zelan egiten da bikotean?
P.M.: Norberak bakarrik egiten duenean, bere lengoaia eta estetika dauka. Batzen garenean, hirugarren, laugarren eta bosgarren interpretazioak sortzen dira.
G.G.: Elkar eragiten dugu eta oso gauza interesgarriak sortzen dira horrela, koktel horretatik.
Muga barik, teknika anitzak baliatzen dituzue koadroetan.
G.G.: Bi izanda, eta probokazio hori egonda, askoz gehiago aprobetxatzen da denbora, gauzak azeleratu egiten dira eta hainbat estilo hasten dira sortzen. Horregatik eman dezake erakusketa honetan hamar artista daudela, baina daudena hogeitaka influentzia dira. Teknika, momentuan aukeratzen dugu, baina berez, horri ez diogu inportantzia larregi ematen.
Askotan batzen zarete?
P.M.: Saiatzen gara gutxienez astean behin elkartzen, bai.
G.G.: Ideia bat daukagunean elkartzen gara, ametsetan oinarritutako koadroena, esaterako, bion elkarrizketa batetik sortu zen.
P.M.: Ametsak beti edukitzen ditugu oso presente, eta sarritan gure lana surrealismotik gertu egoten denez, ametsetako sinbolo eta arketipoak baliatzen ditugu.
G.G.: Ametsak diren bezala, libreak dira koadrook. Azaltzen ez dakiguna margozten dugu.
Joan zen barikuan inauguratu zuten erakusketa. Mikel Garaizabalegaz txakoli dastaketa “plastikoa” egin zuten, eta 150 lagun inguru batu ziren. “Jendeak gure obra bere begiradarekin elikatzea da gura duguna”. Hori konpartitzen dute bi artistek. Eta helburu horregaz zabaldu dute erakusketa. Peru Magdalenak gaineratu du beste arrazoi bat: “Pausu bat aurrera egiteko, Himalayaren tamainako koadro multzo bat ez edukitzeko, eta egindako lana amaitutzat emateko”. “Gure bidean etapa bat amaitutzat ematea izan da erakusketaren helburua”, gehitu du Garaizabalek. “Bidean etapa bat bete dugula da sentsazioa, eta lasaitua hartu dugu, estresantea izan baita hau guztia antolatzea”. Beste etapa bati ekingo diote laster.
Birziklatutako materialak erabiltzen dituzte koadroak egiteko. Edozein elementu da baliagarria: kartoiak, egurrak, paperak, kaleko iragarkiak...
“Gure lanaren motorra ez da merkatua, gure gogoa da”. Eta horregatik, gura dutenean eta nahi duten lekuan erakutsiko dute bilduma. Bestalde, salgai ere badaude erakusketako koadroak.
Udako ordutegian dago erakusketa zabalik, eta nahi duenak, 656 70 43 89 telefonora deituta asteburuetan ere bisitatu dezake.
|