Boxeo ikastaroa emango du Poli Diazek Abadiñon

Anboto 2012ko uzt. 3a, 09:49

Uztailaren 14an Traña-Matienako erabilera anitzeko kiroldegira dator Poli Diaz zortzi bider Europako txapeldun izandako boxeolaria.

Uztailaren 14an Traña-Matienako erabilera anitzeko kiroldegira dator Poli Diaz zortzi bider Europako txapeldun izandako boxeolaria.

 

Poli Diaz boxeolari ohi madrildarrak boxeoaren inguruko ikastaroa eskainiko du uztailaren 14an Traña-Matienako erabilera anitzeko kiroldegian. Fexmack kickboxing klubak antolatu du ekimena. Izen-ematea mugatua dela jakinarazi dute eta Traña-Matienako Zeus gimnasioan apuntatu daiteke 35 eurotan.


Ikastaroa 10:00etan hasiko da eta lau ordu inguru iraungo du. Fexmack klubeko zuzendari  Mack Tiradoren esanetan Abadiñokoa izango da Poli Diazek Euskadin emango duen lehenengo ikastaroa. Ekimenaren bidez boxeoa eta kickboxinga ezagutara ematea dituzte helburu. Adierazi dutenez, ikastaroan parte hartzeko ez da ezagutza berezirik behar. Hasiberriak zein esperientziadunak apuntatu daitezke: “Izena-ematen dutenen maila neurtuko dugu eta egoki ikusten bada talde bi egingo ditugu”. Ikastaroa praktikoa izango da, baina kontaktu gabekoa: “Mugimenduak, teknikak… erakutsiko ditu. Diaz ondo dago, zentratuta, eta esperientzia zabala du ikastaroak ematen”. Tiradok ikastaro bat eman zuen orain hiru aste Valladoliden eta Diaz ere hantxe zegoenez orduan proposatu zion ikastaroa ematea.


Europako txapelduna


Poli Diazek 80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran hartu zuen famarik handiena. Pisu arinetan Europako txapeldun izan zen eta zazpi aldiz defendatu zuen gerrikoa. 1991n pisu arinen munduko titulua jokatu eta galdu egin zuen Pernell Whitakerren aurka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!