Pentsu usaina nabari da Durango Inguruko Baserritarren Alkartean (DIBA). Pentsu arloan, eta batez ere abeltzainei zerbitzua ematen hasi zen kooperatiba duela 25 urte. Zapatuko urteurren jaian urteotan kooperatibaren inguruan egondakoei eskerrak emango dizkiete.
Denboran 25 urte atzera egin, eta zelan gogoratzen duzue DIBAren sorrera garaia?
Jabier Olaso: Markinan eta Igorren bazeuden kooperatibak, baina hemen ez zegoen elkarterik. Garai hartan abeltzaintzak indar handia zeukan; esne produkzioak batez ere, baina okelak ere bai. Horregatik, batez ere pentsu arloan zegoen premia ikusita, hemen ere horrelako zerbait egitea pentsatu genuen. Orduan sortu genuen baita ere orain Urkiola Landa Garapena dena. Hasieran, DIBAn ez geneukan bezero finkorik, ia-ia batzordekoak baino ez ginen. Konpetentzia gehiago ere bageneukan; lehenago baserriko produktuen merkatari gehiago zegoen.
Asko aldatu da zuen jarduna?
Jabier Iraurgi: Sektorearen eboluzioagaz batera joan da hori. Ganadu kopurua asko bajatu da, eta orduan produktuak dibertsifikatu behar izan ditugu.
J. O.: Sektorea itzelezko abiadan joan da beherantza. 1987an, Abadiñon bakarrik 300 ekoizle inguru egongo ziren, eta orain ez dira hamar baino gehiago egongo. Gaur egungo bezero asko autokontsumoan ibiltzen dira; ortuagaz eta animalia batzuk dituzte, baina etxerako.
Orain denetarik saltzen duzuen arren, batez ere pentsuagaz hasi zineten. Pentsuen industria asko aldatu da urteotan.
J.O.: Produkzio birjinetatik justu kontrakora pasa gara; manipulazio genetikoak, transgenikoak... Ekoizteko sistema bera ere asko aldatu da. Europako Batasunean sartu ginenean ahalik eta produkzio indartsuenak egiteko joera zabaldu zen. Gero ikusi da hori ez dela bidea. Asko ekoizteak ez du esan gura asko irabaztea.
J.I.: Transgenikoen gaia ez da orain dela gutxiko kontua. Lehenago pentsuen ekoizpena gutxiago erregulatuta zegoen eta haragi irinak eta arrain irinak ere sortu ziren, gero debekatu ziren. Behi eroen gaiak egoera guztiz aldatu zuen.
J.O.: EAEn legez ez da transgenikorik produzitzen, baina Nafarroan bai, eta asko. Oso gertu daukagu Nafarroa... Gaur egun landare asko ez da erraza egiaztatzea transgenikoetatik libre dauden.
Laster 25.urteurrena ospatuko duzue. Badago zer ospatu?
J. O.: Bagabiltzala behintzat; existitzen garela, eta hori asko da! Jai txiki bat izango da, bazkide, bezero eta lagunei eskerrak emateko.
DIBArik ez balego...
J. I.: Leroy Merlin moduko zentro handiren bat jarriko lukete agian. Gurea negozioa lakoa bada, baina oso familia girokoa; gertutasun handia daukagu bezeroekin.
J. O.: Azken finean ez dugu irabazi asmorik; zerbitzua emateko gaude, eta behar da zerbitzu hori, bertan jarraitzendugu-eta. Etorkizunean mantentzea izango da erronka.
Kooperatibaren izena graffiti bereziagaz daukazue idatzita...
J. O. : Graffiteroaren ideia izan zen.
J.I. : Kontseilukoak rockero zaharrakdirela ipini zenezake.
J.O. : Lau edo bost aukera aurkeztu zizkigun, eta hori aukeratu genuen. Deigarria izatea gura genuen, eta lortu dugu.