Abadiñoko Lagun taldea Euskal ligara igotzeko promozioan dabil; etxean1-4 galduta, golak behar dituzte etzi Gasteizko itzulikoan.
Abadiñoko Lagun taldeak aldapa gora du igoera promozioa. Gasteizko Lakua taldearen kontra jokatzen ari den kanporaketatik irtengo da Euskal ligara igoko den azken taldea. Joanekoan 1-4 galdu zuten etxean. Domekan, gol asko sartu beharko dituzte emaitza iraultzeko.
Dena dela, abadiñarrak posible dela sinestuta daude. Joaneko partiduan “askoz gehiago izan ginen”, adierazi du Jon Jimenez entrenatzaileak: “Zutoinak, langak… hamaika aukera huts egin genituen. Zenbat bider izan genezake hain zorte txarra? Gertatu zena ez zen normala”.
Gasteizko taldearen lau golek ere badute euren istorioa: “Bat geure atean sartu genuen, beste bat euren zelaitik sartu zuten eta azkenengoa partidua amaitzeko segundo bakarraren faltan heldu zen. Ezin genuen sinestu gertatzen ari zena”.
Horregatik guztiagatik, Gasteizera oso kontrako emaitza daramaten arren, buelta emateko esperantza dute. Talde osoa jokatzeko moduan dago; ez dute lesionaturik eta ez txartelekin zigortutakorik.
Pazientzian dago gakoa
Domekan, 17:30ean hasiko da partidu erabakigarria, Abetxuko kiroldegian. Abadiñoko Lagunek badaki baloiaren jabetza eurena izango dela. Gasteizko Lakua atzean sartuta egongo da, kontraerasoan irteteko zain. Kanpoko golek balio bikoitza dutenez, gutxienez lau gol sartu behar dituzte. Pazientzian dago gakoa: “Lehenengoa sartuta besteak segidan etor daitezke”.