Nazioarteko IV. Opena lehiatuko dute asteburuan Traña-Matienan. Gaur eta domekan quad ibilgailuak izango dira protagonista Abadiñoko auzoan. Inyectametal enpresaren atzealdeko zelaian egokitutako zirkuituan Nazioarteko IV. Opena lehiatuko da. Urtero legez, txapelketa horren inguruan, beste hainbat ekimen antolatu ditu Endu-Quad Abadiñoko motor klubak.
Txapelketa maila bitan bereiztu dute: profesionalena eta afizionatuena. Era berean, maila bakoitza modalitate bitan banatu dute: quad-krosa (abiadura lasterketa) eta country-krosa (abilezia lasterketa).
|
Profesionalen proba, lehenengoz, Gaztela eta Leongo Txapelketarako puntuagarria izango da. Txapelketa Gaztela eta Leongo quad federazioak antolatzen duelako hartu du izen hori, baina “hainbat euskaldunek ere parte hartzen dute”, adierazi du Alberto Moran Endu-Quad klubeko ordezkariak. Txapelketa horretan izen bi nabarmendu dituzte: Espainiako txapeldun Quique Pardo eta Antxon Jauregi gazte zornotzarra.
Txapelketa ofizialaz gainera, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte jai giroa herrira zein eskualdera zabaltzeko. Esaterako, zapatu goizean Erdi Aroko Azoka egingo dute Trañaetxoste kalean eta artisautzari lotutako askotariko produktuak salduko dituzte. Horrez gainera, domekan Traña-Matienan batzen diren quad zaleak ibilbide bat osatuko dute Durangaldeko mendietatik. Iaz 150 bat lagun batu zituen ibilbideak.