"Bakarrik nagoenean beti nabil idazteko gaiak pentsatzen"

Anboto 2012ko mai. 27a, 08:54

Batxilergoko lehenengo ikasturtea amaitu du Ainhoa Urienek asteon. Letrak, irakurtzea eta idaztea ditu gogoko. Euskaltzaindiak antolatzen duen Azkue lehiaketaren narrazio arloko bigarren saria jaso zuen eguaztenean

Batxilergoko lehenengo ikasturtea amaitu du Ainhoa Urienek asteon. Letrak, irakurtzea eta idaztea ditu gogoko. Euskaltzaindiak antolatzen duen Azkue lehiaketaren narrazio arloko bigarren saria jaso zuen eguaztenean.

 

Lehenengo aldia izan da Azkue literatur sariketara aurkeztu zarena?

Iaz ere aurkeztu nuen lan bat lehiaketa honetara, baina ez nuen saririk lortu. Aurten, saririk jas\"\"o nezakeen esperantza barik  bidali nuen, baina lana bidalita ezer ez nuela galduko pentsatuta. Sorpresa handia hartu dut sariaren berri emateko deia jaso dudanean. Ez nuen saririk espero.

 

Zelakoa izan zen eguazteneko Euskaltzaindiaren Bilboko sari banaketa hori?

Oso diplomatikoa (barrez)... Baina ondo egon zen. Hamar bat saridun batu ginen ekitaldian, eta polita izan zen. Lan bakoitzaren zati bat irakurri zuten ekitaldian.

 

Zer nabarmendu du epaimahaiak zure narraziotik?

Epaimahaiko kide batek esan zidanez, prosaren barruan olerkia sartu izana egin zitzaion epaimahaiari deigarri.

 

Zer lan da aurkeztu duzuna?

Gauaren beharra du izenburua. Denok daramagun bizitza errutinazkoaren azpian dauzkagun pentsamenduei, egunerokotasunetik ateratzen laguntzen gaituenari buruzko gogoetatik sortutako narrazioa da.

 

Zein da kontakizunaren ideia nagusia?

Izenik bako pertsona baten bizitza errutinazkoa kontatzen da narrazioaren lehenengo zatian. Hirugarren pertsonan dago parte hori idatzita, kanpotik ikusten duen norbaitek azalduta bezala. Bigarren partea protagonistaren berbetan dago kontatua.

 

Zelakoa da protagonista?

Ez du berari buruzko ez adinik, ez izenik, ez halako daturik ematen: bere bizitza kontatzen du baina bera nor den esan barik.

 

 

Nondik sortu zitzaizun ideia hori?

Baliteke liburu edo egunkariren batean irakurritako zerbaitetik hartu izana ideia, ez dakit... Buelta larregi  eman barik, etorri zen moduan hasi nintzen idazten.

 

Erraz atera zen idatzia?

Apur bat kosta zitzaidan, egia esan. Hasierako zatia idaztea nahiko erraza egin zitzaidan, bizitza normal baten kontakizuna baita. Bigarren partean, aldiz, gehiago sakontzen da, eta gehiago kostatu zitzaidan nahi nuena lortzea. Aste bitan idatzi nuen, eta hilabetean eman nuen amaitutzat, hainbat aldaketa eginda.

 

Zer irakurtzea gustatzen zaizu?

Asko gustatzen zait poesia irakurtzea. Narrazio liburuak ere gustatzen zaizkit, baina istorioan ez bazara sartzen... Idatzi ere gustorago idazten dut poesia. Errazagoa egiten zait olerkiak idaztea.

 

Zeinen olerkiak dituzu gogoko?

Xabier Leterenak, batez ere. Betidanik gustatu izan zait bere idazkera. Daukan ukitu pesimistak beti erakarri izan nau. Gaztelerazkoak ere irakurtzen ditut. Ezer egiteko ez daukadanean, liburutegira joan eta begiratzea gustatzen zait.

 

Noiz daukazu idazteko harra barruan?

Txikitatik gustatu izan zait irakurtzea. Idazten orain hiru-lau urte hasi nintzen.

 

Orain bazabiltza zerbait idazten?

Azterketak-eta tarteko, orain ez nabil ezer idazten, baina oporretan nagoela aprobetxatuta, ekingo diot.

 

Zenbateko garrantzia dauka idazteak eta irakurtzeak zure bizitzan?

Handia. Bakarrik nagoen momentu guztietan ibiltzen naiz idazteko gaiak pentsatzen. Nire bizitzan parte handia suposatzen du.

 

Noiz idazten duzu?

Kaletik nabilela ideia bat badaukat, etxera ailegatzen naizenean edo momentu libre bat daukadanean idazten dut. 

 

 


‘Letretatik tiraka’ blogean ipintzen ditu Ainhoa Urienek 
bere olerki eta idatziak irakurgai  

 

‘www.letretatiktiraka.blogspot.com’  helbidean dauka Ainhoa Urienek bere lanaren lagin bat irakurgai. 2011n igotako 25 idazlan eta aurtengo lau lan bildu ditu bertan.  Olerkiak eta gogoetak argitaratzen ditu bere blogean.

 

Blogaren bospasei irakurleren iruzkin jaso izan ditu: “Bartzelonan bizi den euskaldun batek mezua bidali zidan”, kontatu du Urienek, “Interneten zebilela nire bloga topatu zuela eta asko gustatu zitzaiola esan zidan”.

Datorren ikasturtean batxilergoko bigarren maila egin eta gero zer asmo daukan galdetuta, “filosofia, euskal filologia, historia...”, arlo horietako bateko ikasketak egin gura dituela erantzun du.

 

Bigarren aldiz aurkeztu du Ainhoa Urienek bere idatzia Euskaltzaindiaren duen Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariketara. Idazle gazteei dago zuzendua lehiaketa, eta 150 idatzi jaso dituzte aurten. Azkue sariketan, lehenengoz saritu dute Urien, baina aurrerago Abadiñoko Udalak antolatzen duen literatur lehiaketan saria jasotakoa da.

 

Komunikabideetara bidali duen oharrean zoriondu du Abadiñoko Udalak Urien. Argi Abad zinegotziak esan duenez, "Abadiñorentzat poztekoa eta harro egoteko modukoa da herriko neska gazte batek euskaraz idazteko gaitasun hori izatea eta Euskaltzaindiak haren lana saritzea”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!